GAUR8

Euskal Itsas Museoaz eta portuko sekretuez familian gozatzeko planak

Uda familian gozatzeko proposamen ugarirekin dator Donostiako Portura. Bertan, Euskal Itsas Museoak kaiaren inguruko sekretuak kontatu nahi dizkie bisitariei hainbat proposamenekin: bisita antzeztuak, La Jarana pista jokoa, moilan zeharreko ibilbide gidatuak, «Elkano. Lehenengo Mundu Bira» bezalako erakusketak…

Donostiako portua, irudian. (Euskal Itsas Museoa)
Donostiako portua, irudian. (Euskal Itsas Museoa)

Euskal Itsas Museoak hainbat ekitaldi prestatu ditu uda girotzeko, moiletan gordetako sekretuen berri eman eta familia giroko plan ezberdinak proposatuz.

Bisita antzeztuak proposamen horietako batzuk dira. Asmoa da «Lehen Mundu Biraren detaileak lehenengo pertsonan bizi izan duen norbaiten eskutik» ezagutzea. Euskaraz eta gazteleraz egin daitezke, eta plaza mugatuak direnez aurretik izen-ematea egitea gomendatzen dute. Helduek 4 euro ordaindu behar dute, 2 euro 12 urtetik beherakoek.

Beste plan iradokitzaile bat dago familientzat. La Jarana pista jokoa du izena eta portuak dituen sekretuak deskubritzea du helburu. Abentura museoan bertan mapa jasotzearekin batera hasten da, pistak jarraitu behar dira gero. Jardueraren kostua? Hiru euro familiako.

Historia eta dastaketak

Portuko historia ezagutzeko beste aukeretako bat ibilbide gidatuetan dago. Kasu honetan, gainera, Kofradia-Itsas Etxeko instalazio berrietan sasoiko produktuekin egindako pintxoak dastatu ahal dira. La Jaranatik martxan! izeneko beste aukera bat dago museoko bitartekaritza taldearen eskutik, gutxien ezagutzen diren pasadizoak ezagutzeko.

Erakusketen atalean “Elkano. Lehenengo Mundu Bira” dago. Museotik nabarmentzen dutenez, «lehen aldiz, erakusketa honek ezagutzera ematen ditu Elkanok eta Euskal Herriak lehen Mundu itzuliari (1519-1522), hau da, gizateriaren historiako gertakari handienetako bat denari, egindako funtsezko ekarpena».

Erakusketa honen ondoan «Musealiak guena» dago, «Gordailuaren bildumako erabilerak brontzezko kanpai arrunt baten bidaiaren berri» ematen duena.