GAUR8

Jordi Cortes koreografo-sortzailearen ikastaro trinkoa Errenterian

Bizipozak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Artaziak elkarrekin Ari! Sormena eta Mugimendua proiektua jarri dute martxan. Horren baitakoa da ikastaroa.

Egitasmoaren kartela
Egitasmoaren kartela

Jarduera fisikoa egiteko interesa nabarmen galtzen dute, kasu askotan, 12 urtetik gorako gazteek. Batzuetan inguruan daukaten kirol eskaintza ez zaie erakargarri egiten; lehia sustatzen duelako, neskak eta mutilak bereizten dituelako… Era berean, dibertsitate funtzionala duten gazte askok ez daukate aukera handirik espazio ludiko inklusiboetan aritzeko.

Bide horretan, Ari! Sormena eta Mugimendua ekimenak egoera horri erantzun bat eman nahi dio eta horretarako sormen eta mugimenduzko eremu bat sortu du, genero ikuspegia eta gizarte inklusioa ardatz dituena. Proiektu pilotuak hiru hilabeteko iraupena izango du eta helburu garbia dauka: egungo kirol eskaintzetan tokirik topatzen ez dutenei kalitatezko ariketa fisikorako aukera bermatu nahi die.


Egitasmoaren lehen urratsa aste honetan bertan hasiko da. Jordi Cortes koreografo-sortzaileak ikastaro trinko bat eskainiko du datorren larunbatean, irailaren 26, Errenteriako Dantzagunean. Cortesek bere ibilbidea errepasatu eta dantza inklusiboaren esparruan izan duen esperientzia azalduko du. Tailer teoriko-praktiko hau gizarte-eremuekin eta mugimenduarekin lotura duten pertsonei zuzenduta dago; ezberdintasunetik, bestearen berezitasunetik abiatuz sortzera gonbidatzen du. Ikastaroa hamarrak eta ordu biak bitartean izango da, parte-hartzea doakoa izango da eta gizarte arloan zein mugimenduan interesa duten adin guztietako pertsonei zuzenduta dago. Izen ematea honako helbidean egin daiteke: info@artaziak.eus