GAUR8

«Lanera bizikletan», erabilera bultzatzeko programa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak, Ingurumen departamentuarekin, Oarsoaldeako Garapen Agentziarekin eta Gurpil Artea elkartearekin batera, ‘Lanera Bizikletan’ proiektua aurkeztu dute aste honetan. Ekimenak Gipuzkoako enpresen artean bizikleten mugikortasuna bultzatzea du helburu. Lanera joateko eguneroko aukera izan dadin, alegia.

Proiektuaren aurkezpena (Oarsoaldea Garapen Agentzia)
Proiektuaren aurkezpena (Oarsoaldea Garapen Agentzia)

«Oarsoaldea eskualdeak baldintza guztiak betetzen ditu bizikletaren eguneroko erabileran aitzindari izateko. Alde batetik, industrialde ugari ditu bizikletentzako foru bideetatik gertu daudenak, eta bestetik, eskualdearteko mugikortasuna oso handia da, kontuan hartuta etengabeko lekualdaketak izaten direla lantokietara, besteak beste, Errenteriatik, Lezotik, Pasaiatik eta Oiartzundik», diote ekimenaren sustatzaileek.

 Oarsoaldea eskualdeko hainbat enpresatako langileek mugikortasunari dagokionez dituzten ohituren eta baldintzen azterlan bat biltzen du proiektuak, eta errefortzu eta pizgarri gisa, azterlanaren araberako ekintzak proposatuko dira.

Rafaela Romero diputatuak adierazi zuenez, hau “aukera-leiho bat da eta aprobetxatu egin behar dugu bizikletaren sustapen-estrategiari bultzada nabarmen bat emateko, oraingo egoera kontuan hartuta, aukera ematen digulako garraiobide seguru, jasangarri eta osasungarriago batez baliatzeko, aglomerazio handiak saihesteko eta segurtasun-distantziak errespetatzeko”.

Haren departamentuak dituen datuen arabera, bizikletaren aldeko joera goranzkoa da, eta Romerok dei egin zuen aukera hau aprobetxatzeko «mugikortasun jasangarriaren oinarriak irmotzeko, garraio publikoa eta bizikleta funtsezko oinarritzat hartuta».

Proiektuaren ardatzak

Batetik, Gurpil Artea elkarteak diagnostiko bat egingo du industrialdeen ezaugarriei buruz: sarbideak, kokapen geografikoa, hilrigunetiko distantzia, argiteriaren egoera, seinaleztapena, puntu arriskutsu posibleak... eta aldi berean, Oarsoaldea garapen agentzia harremanetan jarriko da hautatutako 20tik 30era bitate enpresekin mugikortasun ohiturei eta eskariei buruzko aurrez aurreko elkarrizketak egiteko. Informazioa biltzeko fase hori herritarrei online egingo zaizkien beste inkesta batzuekin osatuko da.

Ondoren, jardun egokien dekalogo bat landuko da, enpresak gidatzeko ohiturak molda ditzaten, baita instalazioak ere, beti ere lekualdaketak bizikletaz egitea sustatzeko. Material hau Oarsoaldea eskualdeko garapen agentziak hedatuko du.

Ikasbide horiek enpresa pilotu batean hasiko dira aplikatzen. Hala, enpresa horrek laguntza zuzena jasoko du proiektuaren garapenean.

Mugikortasun departamentuak bizikletentzako bere aparkalekuak eskainiko dizkie nahi duten enpresei.

Bestetik, proiektu honetan Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak ere parte hartzen du, eta ekimen honen zerbitzura jarriko ditu ETHAZI Goi Errendimenduko Ikasketa Zikloak. Ziklo horietako irakaskuntza-ikaskuntza prozesua erronken gaineko eredu kolaboratibo batean oinarritzen da; hala, 2020/ 21 ikasturtean bizikleten aparkalekuak diseinatu eta eraikitzea izan da erronka, eta halakorik eskatzen duten eskualdeko enpresetan jarriko dira.