GAUR8

Kontsumitzaileek elikagaien segurtasunean duten konfiantza areagotzeko ekimena

Elikagaien segurtasuna bermatzen duten kontrol zorrotzak badaude ere, oraindik txikia da kontsumitzaileen konfiantza. Agertoki hori iraultzeko, «Citizen Science» izeneko ekimena gidatuko du AZTI zentro teknologikoak, herritarrak elikagaiak aztertzeko zenbait prozeduretan inplikatuz.

«Citizen Sciencie» ekimena Eit Food proiektuak finantzatzen du. (AZTI)
«Citizen Sciencie» ekimena Eit Food proiektuak finantzatzen du. (AZTI)

Europar Batasunak kontrol zorrotzak ezartzen ditu elikagaien benekotasuna eta segurtasuna bermatzeko, baina zenbait azterlanen arabera kontsumitzaileen konfiantza txikia da oraindik. «Agertoki hori iraultzeko«, Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kide den AZTI zentro teknologikoak «Citizen Science» izeneko ekimena gidatzen du, herritarrak inplikatu eta elikagaien segurtasuna bermatzen duten prozesuen ezagutza handitzeko.

Egitasmoaz Sonia Riesco AZTIko ikertzaileak adierazi du sistema «inoiz baino seguruagoa» dela, baina «batzuetan herritarrak mesfidati agertzen» direla. «Citizen Sciencek» kontsumitzaileen konfiantza areagotu nahi du, herritarrak zientzialari amateurren aldaketaren eragile izan daitezen bultzatuz eta, horrela, elikadura-sistema inklusibo eta konfiantzazkoa lortzeko trantsizioa bultzatuz», azaldu duenez.

Ekimenaren barruan ikerketa bana egingo dituzte Britainia Handian eta Estatu espainolean. Lehenengoan, basmati barietate gisa saltzen den arroza benetan halakoa den aztertuko da. Estatu espainolean, pateak, gazta edo haragi onduak bezalako kontsumitzeko prest dauden produktuetan listeria hazteko arriskua dagoen aztertuko dute.

Sariak, parte hartzeagatik

Parte hartzeko bi modu daude: elikagaien laginak bidaltzea eta segurtasun sistemaz duten pertzepzioari buruzko inkesta interaktibo bati erantzutea.

Laginen bidalketa egin nahi duenak inprimaki baten bidez eman behar du izena, eta horrela aplikazio mugikor baterako sarbidea izango du. «Azterketan aktiboki parte hartzeaz gain –prozedurari buruzko informazio guztia aplikazioan egongo da eskuragarri– elikadura-katearen segurtasunari buruzko ezagutza zabaldu ahal izango dute dibulgazio-edukien bidez», zehaztu dute.

Gainera, erronkan «aktiboki» parte hartzen dutenek 30 euroko saria jasoko dute, «merkataritza elektronikoko plataforma baterako opari-txeke gisa».

Bestalde, 100 euroko balio duten hiru txartel zozketatu dira inkesta interaktiboa erantzuten dutenen artean