GAUR8

Bertsoa sutan jarriko dute Chillida Lekun, urriaren 17an

Sukaldea eta bertsoa lotuko dituen saio berezia izango da museoan. Bertsozale Elkartea ahalegin berezia egiten ari da osasun krisiaren garaian bertsoari plaza berriak sortzeko

Saioaren kartela
Saioaren kartela

Garai estuak dira edozertarako. Eta bertsoaren plazak ere ez du sasoi oparoa bizi. Baina Bertsozale Elkartetik garbi daukate: «Osasun neurriak hartuta, kultura eta, honenbestez, bertso plaza segurua delakoan gaude; horregatik, txapelketako edota beste mota bateko saioak egiteko baldintzak egon ez arren, asko dira plazan egin daitezkeen emanaldiak; eta horretan ari gara». Eta horretan ari dira, bertsoari plazak atontzen.

Baldintzak bereziak diren arren, Bertsozale Elkarteak plazaren aldeko apustua egin du, bai tokian tokiko antolatzaileak saioak antolatzera animatuz eta baita elkarteak berak ere saioak antolatuz. Horietako bat da datorren urriaren 17an Hernaniko Chillida Lekun izango den saioa.

Bertsoa eta sukaldea

Oholtza berezia izango da, Chillida Leku museoa. Eta formatuak ere badu berezitasunik. Bertsoa Sutan izeneko saioan bertsoa eta sukaldea izango dira protagonista. Elkartetik azaldu dutenez, «janariaren eltzea egosten ariko dira Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariak; eta hitzenari eragiten Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariak. Bi plater hauen arteko oreka ematen, Maite Berriozabal».

Sukaldariak gastronomiari lotutako prozesu ezberdinen azalpenak emango ditu, eta bertsolariak sukaldaritzari lotutako prozesu hauek bertsogintzara ekartzen saiatuko dira, gai jartzaileak lagunduta.

Zaleei pintxo bat emango zaie saioaren hasieran, sukaldariak gidatuta dastatu ahal izateko. Bestalde, saioaren ondotik afaltzen geratzeko aukera ere izango da: Chillida Lekuko Lurra Café jatetxeak egun honetarako bereziki diseinatutako afari bat eskainiko du jende kopuru mugatu batentzat. Saiorako sarrerak eta afarikoak www.museochillidaleku.com webgunean daude eskura. Prezioak eta afaritarako menua ere bertan topatuko ditu interesa duenak.