GAUR8

Martxan da Booktuberboom, gazteek gustuko duten liburuen gaineko bideoen lehiaketa

Booktuberboom lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute. Ekimena EAEko 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta irakurtzeko zaletasuna sustatzea du helburu. Horregatik, euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko bideo bat grabatu behar dute parte hartzeko.

EAEko 14 eta 18 urte bitarteko gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea helburu duen Booktuberboom lehiaketaren edizio berri bat jarri dute martxan. Parte hartzeko, gustuko izan duten liburu bat irakurtzeko gomendioa bideo labur batean grabatu behar dute eta Youtuben eskegi, hau da, ‘booktube’ bat egin.

Aurtengo edizioaren aurkezpena 250.000 jarraitzaile baino gehiago dituen Iban Garcia youtuberrak egin du sare sozial ezberdinetan, eta bideoan azaltzen duenez, «liburu on bat irakurri ostean youtuber on batek egiten duen bezala, kameraren aurrean jarri eta liburu horri buruz hitz egitea», hau da, ‘booktube’ bat egitea eta eskegitzea eskatzen du lehiaketak.

Euskaraz argitaratutako liburu bat izan behar da eta irakurketa horren gomendioaren bideoa, ‘booktube’-a, euskaraz egin. Edozein euskalkitan egin daiteke, baina «euskara zuzen eta egoki bat» erabiliz, oinarrien arabera.

Lakuako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Elkarteak antolatzen dute lehiaketa. Laugarren edizio honetan izena emateko epea azaroaren 25eko eguerdiko 12.00ak arte egongo da zabalik, eta abenduaren 9an jakinaraziko dira irabazleak.

Oinarrietan jasotzen duten prozedura erreza da: «liburu bat irakurri, hartu kamera, mugikorra edo tableta eta grabatu liburu horri buruzko iruzkina/gomendioa».

Hiru minutu

Lehiaketan parte hartu nahi duten bideoek gutxienez minutu bateko eta gehienez 3 minutuko iraupena izan behar dute. «Inon argitaratu gabeko bideoa» izan behar du eta izan behar duen derrigorrezko informazioaren inguruan zehaztu dute liburuaren izenburua eta egilearen izena agertu behar direla, Booktuberboom lehiaketan parte hartzeko booktubea dela aipatu eta izenburuak honako formatoa bete behar du: Booktuberboom+liburuaren izenburua+izen-abizenak.

Lehiaketan era publikoan edo pribatuan har daiteke parte; eta bigarrena aukeratzekotan epaimahaiak soilik ikusi ahal izango du bideoa, baina lan horrek ezingo du publikoaren saria eskuratu. Adin txikikoen kasuan derrigorrezkoa da gurasoen baimena sinatua aurkeztea.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, grabaketa Youtubeko kanalean edo ikastetxeko kanalean argitaratu behar du parte hartzaileak eta Booktuberboom blogeko parte-hartze orria bete. Bertan bideoak Youtuben duen URL helbidea jarri beharko dute.

Sarien atalari dagokionez, «kamera, mikrofonoa eta tripodea bideogintzan jarraitzeko», liburu eta disketan gastatzeko bonoak edota abentura txangoa aurreikusten ditu lehiaketak, besteak beste.