GAUR8

Metatutako frustrazioak salmentak handitu ditzake Covid garaiko Black Friday-an

Pandemia garaian pilatutako frustrazioa eta tristura alde batetik eta Gabonen bezperako ziurgabetasuna bestetik, adituek uste dute aukera duen kontsumitzaileak kontsumoa areagotu egingo duela Covid garaiko Black Friday-an.

Iazko Black Fridayko irudi bat.
Iazko Black Fridayko irudi bat.

Jendez gainezka dauden kaleak, Gabonen aurreko giroa eta deskontuak. Azken urteotan Black Friday eta Cyber Monday bezalako estrategia komertzialek indarra hartu dute. Aurten, pandemia betean, eskaintza eta promozio oldarkorragoak espero dira kontsumoa sustatzeko, are gehiago Gabonetako kanpainak dakarren ziurgabetasuna kontuan hartuta.

Google Espainiak egindako ikerketa baten arabera, iazkoarekin parekatuta aurtengo Black Friday-an erosteko asmoa %40 igo da. Saltokietara modu fisikoan gerturatzeko beldurra dago batetik. Eta, bestetik, pandemia garaian herritarrek pilatu duten frustrazioa eta tristura. Kontsumoa ihesbiderako modua bihurtu daitekeela uste dute adituek.

Aurrezkia
Krisiak lan-arloa gogor astindu du eta herritar askoren egoera ekonomikoa nabarmen kaskartu da. Aldiz, lan-arloan eraginik izan ez duten familiek aurreztu egin dute, ia nahi gabe bezala. Konfinamenduak eta osasun-mugek zenbait jarduera eragotzi dituzte. Gainera, etorkizunak hain ziurtasun gutxi eskaintzen dituenez, kontsumitzaileak geratu egin du gastatzeko eta inbertitzeko joera. Aurrezki hori gertatu den kasuetan orain neurririk gabeko kontsumoa eman daitekeela uste dute adituek. Gainera, kontuan izan behar da saltokiek ere kontsumoa bultzatu nahi dutela eta prezio erakargarriak eta lehiakorrak jarriko dituztela.


Kontsumitzaileak kontsumitu dezakeen kasuetan, apetak, gozamena eta nolabaiteko konpentsazioa onartzen dira. Merkatua aztertzen dutenez ustez, «merezimendu honek Black Friday-n erosteko asmoa indartuko du. Kapritxo bat emateko eta krisi egoerak eragiten duen frustrazioa edo amorrua arintzeko ‘aukera’ bat bezala bizi duelako kontsumitzaileak».