GAUR8

Arte Ederren Fakultateak, mende erdi

UPV/EHUren Arte Ederren Fakultateak 50 urte bete ditu gaur. 1970eko azaroaren 23an ekin zien ikasketei lehen promozioak. Hasiera hartan Bilboko Unamuno Plazan zegoen fakultatea, egungo Euskal Museoaren egoitzan.

Duela 50 urteko ikasleak.
Duela 50 urteko ikasleak.

Arte Ederren Fakultateak 50 urte bete ditu gaur. Mende erdi honetan zehar, hainbat artista, komisario, diseinatzaile, kontserbatzaile, zaharberritzaile, ilustratzaile, hezitzaile, irakasle eta ikus-entzunezkoen alorreko sortzaile... atera dira fakultate horretatik.

Duela 50 urteko azaroaren 23 hartan ireki zen fakultatean berrogeita zortzi ikasle aritu ziren. Kokapena ere oraingoaren desberdina zuen lehenengo hark, Bizkaiko Museo Historikoaren bigarren solairuan, egungo Euskal Museoan. Ondoren, beste kokapen batzuk izango zituen, hala nola Bilboko Ibañez kaleko Suhiltzaileen Eraikina, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Leioako Medikuntza Fakultatea. Azkenik, 1987an inauguratu zen gaur egun Arte Ederren Fakultatea hartzen duen eraikina.

Arantza Lauzirikak, UPV/EHUren Arte Ederren Fakultateko dekanoak, urtemuga berezian esan duenez, «hasierako arazo ulergarriak eta eskolaren jarraipenari buruzko zalantza saihestezinak gorabehera, gaur egun UPV/EHUren Arte Ederren Fakultatea erreferentea da estatu espainiarrean. Fakultate horren ezaugarri nagusia beti izan da garaiko praktika artistikoei eta bere garaiko joerei lotutako lan-ildoei erreparatzea. Ikastegi aitzindaria izan da alderdi askotan. Besteak beste, 1983an lehenengo fakultatea izan zen Estatuan praktika artistikoari lotutako ikusentzutekoen espezialitatea izan zuena».

Pandemiak baldintzatutako ospakizuna

Covid19ren pandemia dela eta, Fakultateak geroko utzi ditu ospakizun ekitaldi nagusietako batzuk, baina mantendu egin ditu aurrera eraman daitezkeenak. Hartara, Arte Ederren Fakultateko eraikin nagusiaren kanpoaldean jarritako oroitzapenezko olanaren gaineko esku hartze lehiaketa izango da. Era berean, abenduaren azken astean erakusketa bat inauguratuko da fakultateko erakusketa areto berria inauguratzeko. Bestelako erakusketak ere izango dira urtemuga biribila ospatzeko. Eta, azkenik, “50 urte, 50 diseinatzaile” erakusketa izango da Bizkaia Aretoan matxoaren 24tik aurrera.