GAUR8

Hitzen Lihoa, sorkuntza kolektiboa ardatz duen kultur egitaraua josi dute Oiartzunen

Hitzen Lihoak egungo sorkuntza kolektiboei begirako egitaraua jarriko du martxan larunbat honetan. “Xabier Leten barrena” ibilbide biografikoa da lehen ekimena, eta ondoren «Hizteria kolektiboa», «Gutiziak» edota «Txolarte» antzerki-performancea etorriko dira, besteak beste.

Hitzen Lihoak kultur ekitaldi ezberdinak antolatu ditu abendurako Oiartzunen. (Hitzen Lihoa)
Hitzen Lihoak kultur ekitaldi ezberdinak antolatu ditu abendurako Oiartzunen. (Hitzen Lihoa)

Abenduan Hitzen Lihoa ospatuko dute Oiartzunen. Edizio berriak egungo sorkuntza kolektiboa ardatz duen egitaraua zabalduko du. Lehen proposamena larunbat honetan bertan izango da eta Xabier Leteren memoria izango du protagonista, poeta eta kantariaren heriotzaren 10. urteurrena betetzen den egunotan.

“Xabier Leten barrena” izenburua du Elizalde auzoan barrena poetaren bizitza eta obra ezagutzeko antolatu duten ibilbideak. «Ibilbide biografiko goxoa izango da, mimoz osatua eta sorpresaz zipriztindua», esan dute ekimenaz eta izango dituen zenbait osagai aurreratu dituzte; Leteren kantuak edo hari buruzkoak, poesia irakurketak, antzerkia eta bertsoak agertzen joango baitira Eider Bergaretxek gidatutako ibilbidean.

Xabier Leterekin zuzeneko harremana izan zuten edo haren bizitza eta figura gertutik ezagutu zituztenen kolaborazioa izango du ekimenak, eta Lete bizi zen Oiartzunen kokatuko dituzte parte hartzaileak Joxe Angel Arbelaitzek, Eugenio Arozenak, Alex Gurrutxagak, Arantxa Letek, Jon Martinek, Lurdes Otegik, Ainhoa Urienek eta Antton Valverdek. Ibilbidean zehar, gainera, herriko kolaborazio gehiago izango da.

Ibilbidean parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da Oiartzungo Turismo bulegoarekin harremanetan jarrita, turismoa@oarsoaldea.eus posta elektronikora idatzita edo bulegoaren telefonora deituta.

Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Institutuko DBH 3. eta 4. mailako ikasleek ere “Xabier Leten barrena” ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute datozen asteetan. Larunbatekoaz gain, egitarauak ibilbide biografikoaren beste hiru emanaldi iragartzen ditu: hilaren 11,14 eta 15ean.

Abenduaren 10ean, bestalde, Oiartzungo “Hizteria Kolektiboaren” aurkezpena izango da. Azaldu dutenez, Txakur Gorria taldearen laguntzarekin oiartzuarrek sortutako lana da “Hizteria Kolektiboa” eta «asmatutako hitzak, definizioak eta ilustrazioak» biltzen ditu parte hartzaile bakoitzak hiru sormen ariketa egin ondoren: «hitz bat asmatu, beste batek sortutako hitza definitu eta hirugarren batek ilustratu».

Solasaldia, irakurketa jarraitua…

“Gaur atzo zen” mahai-inguruak artista plastikoak eta kolektibotasuna izango ditu hizpide, eta «artista kolektiboen egungo kezka, ildo estetiko, antolaketa era harremanak» aztertuko ditu. Ainara Lasa izango da solasaldiaren gidaria, eta Okela Sormen Laborategiak, Tractora Koopek eta Itzal Aktiboak parte hartuko dute.

Egitarauaren barruan irakurketa jarraituari eskainitako espazioa ere badago. Azaldu dutenez, «‘Gutiziak’ liburua aukeratu da horretarako: kolektiboan idatzia (29 idazle emakumeren istorio bana biltzen du) eta kolektiboan irakurria».

Horrekin batera Metrokoadroka kolektiboak sortu eta behin bakarrik egingo den “Txolarte” antzerki-performancea prestatu dute abenduaren 12rako.

Hitzen Lihoak azaldu duenez, «kultura sustatzea, transmisioa egitea eta sortzaileei leku bat eskaintzea» dira aurten ofizialki elkartea egin den proiektuaren helburuak eta oiartzuarrak eta mugakide diren herrietako bizilagunak gonbidatu dituzte antolatutako ekintzetan parte hartzera.