GAUR8

Gaixorik edo konfinatuta bazaude deitu, pailazoen bideo deiak irria kutsatuko dizu

Ospitaleratuta, konfinatuta edo etxean gaixo dauden paziente txikiei zuzenduta, Algaraklown elkarteak irrien banatzaileen eskaintza telematikoa jarri du martxan. Aurrez aurreko kontaktuak ezinezkoak direnez, «gehien behar duten uneetan» bideo deien bidez irriak kutsatzen jarraitu nahi dute.

Pailazoen bideo deien eskaintzak ordutegi zabalago bat du orain. (Algaraklown)
Pailazoen bideo deien eskaintzak ordutegi zabalago bat du orain. (Algaraklown)

Osasun larrialdiagatik ezarritako murrizketen ondorioz Algaraklowneko pailazoak ezin dira orain ez ospitaletara ezta etxeetara bertaratu ere, eta horregatik bideo deien eskaintzarekin jarraitzen dute. Orain, ordutegi zabalago batekin.

«Online kontaktu horri esker umorez, irriz eta poztasunez betetako konexioak egin ditzakegu ospitaleratuta edo etxean konfinatuta dauden neska-mutilekin», azaldu dute elkartetik.

Elkarteak dohainik egiten duen eskaintza da. Pailazoen bideo deia jasotzeko, 722 614 952 telefono zenbakira deitu eta ordua eta eguna baino ez da zehaztu behar. Nabarmentzen dutenez, txikienak ez dira ilusioaren hartzaile bakarrak, «haien senitartekoei ere ilusioa helarazten jarraitzen dugu, gehien behar duten uneetan».

Algaraklown irribarreen bidez sendatzen duten ospitaleko pailazoen elkartea da. Ekimena «irribarrearen ahalmena eta emozioen lanketa sustatzen dituen osasun-laguntzako proiektu» baten barruan dago, «ospitaleratuta dauden pertsonen bizitza (psikologikoa bederen) independenteagoa eta autonomoagoa izan dadin».

Elkartearen jarduera nagusiki Donostiako Unibertsitate ospitaleko ama-haurren unitatean oinarrituta egon da. Pandemia heldu arte, sudur gorrikoek ospitaleko hainbat unitatera bisita bereziak egiten zituzten, baita Gipuzkoako zaharren egoitzetara ere. Bisita horiek ez dira bukatu, orain birtualak dira.