Maider Iantzi Goienetxe
Entrevista
Itziar Amestoy eta Nora Ziarsolo
Unbela Elkargunea

«Gorputzaren eta sexualitatearen ahalduntzearen bide honi euskaraz ekiteko beharra ikusten genuen»

Gorputza eta sexualitatea lantzen duten ekimenen elkargune bat sortu dute bi gasteiztarrek. Aurkezpen gisa, lehen online topaketa euskalduna egingo dute, eta 14 egitasmo ezagutaraziko dituzte.

Itziar Amestoy eta Nora Ziarsolo (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Itziar Amestoy eta Nora Ziarsolo (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gorputzaren eta sexualitatearen lanketen elkargunea sortu dute Nora Ziarsolo Garatek eta Itziar Amestoy Alonsok. Euskal Herrian hainbat emakume ari dira honetan, baina gutxi ezagutzen dute elkar eta kanpoan dituzte erreferenteak. Horregatik, interesgarria iruditu zaie hemen egiten ari diren gauzak bistaratzea, elkarren berri izateko, sor daitekeen sare horretatik jaio daitezkeen proiektuei bide emateko eta erreferentzialtasun hori Euskal Herrira itzultzeko.

Indartsu hasi dira, lehenbiziko online topaketa euskalduna antolatuz. Maiatzaren 20tik 24ra, 14 ekimen ezagutzeko aukera emanen dute, besteak beste, Zuriñe Hidalgoren “Enraizadas”, Junkal Alzugarayren “Mi Suelo Pélvico” eta Enara I. Dominguezen “Ziklikoki Bizitzen”. Unbela.eus-en eman daiteke izena. Antolatzaileak «oso pozik» daude izaten ari den harrerarekin eta parte hartzera animatu dute.

Hitz polita aukeratu duzue elkargunea izendatzeko.
Nora Ziarsolo: Sortzen ari ginenean, ‘unbela’ hitza agertu zen. Ez genekien zer zen. Unbela deitzen zaio ardatz beretik ateratzen diren hainbat loretxoz osatutako lore bati. Metafora aproposa iruditu zitzaigun buruan genuena irudikatzeko. Hain zuzen, hainbat emakumez eta proiektuz osatutako unbela da elkargoa.

Euskara elkargune honen balio nagusietako bat da.
Itziar Amestoy: Lehen aipatu dudan autoerreferentzialtasunaz gain, oso garrantzitsua iruditzen zaigu hizkuntza. Formazioak kanpoan egin eta hona gatozenean hizkuntza falta izaten zaigu ez dagoelako ohiturarik hainbat gairi buruz hitz egiteko eta erdaraz egiteko joera dugu. Hortaz, euskaraz egitea erabat estrategikoa da, lanketak euskaraz abiatzeko eta behar diren hitzak elkarrekin aukeratzeko.

N. Z: Behar pertsonala, kolektiboa eta politikoa ikusten genuen gorputzaren eta sexualitatearen ahalduntzearen bide honi euskaraz ekiteko.

Nondik dator zuetako bakoitza eta non egin duzue topo?
N. Z: Orain dela hamar urte baino gehiago hasi nintzen nire esplorazio pertsonalean eta bertan egin nuen topo nire gorputz eta sexualitatearekin. Horiek askatzeko eta era propio eta gustagarriagoan bizitzeko bideari ekin nion erreminta ezberdinak esploratuz, ordura arte bizitako esperientzia nahiko desatsegina eta gogorra ere izan zelako. Duela bost urte nire proiektua sortzen hasi nintzen, orain dela urtebete pasatxo Bizigarri izena hartu zuena. Gorputz eta sexualitatearen ahalduntze prozesuak laguntzen ditut.

I. A: Nire kasuan, sentitzen dut nire bigarren erditze basati eta ederrean zerbaitek irauli ninduela barnetik eta neure buruarekin eta sexualitatearekin konektatzeko bideari ekin nion. Bertan, gakoa izan zen Norarekin egin nuen ‘Llena de mí’ prozesua. Hor elkartu ginen Nora eta biok. Komunikaziotik nator eta niretzat hain potenteak izan diren lanketa hauek guztiak zabaltzeko lan egin nezakeela pentsatu nuen.

Zer da «Llena de mí»?
N. Z: Bizigarri nire proiektuko altxorretako bat da. Nire prozesu pertsonaletik sortu da. Ibilbidean konturatzen joan naiz kanpoko arau, erritmo, sinesmen eta abar luze batez beteta eta nire burutik oso aldenduta nengoela. ‘Llena de mí’ etxera bueltako bidea da. Urtebeteko prozesua da, gorputza eta sexualitatea iparrorratz dituena. Aurten laugarren taldea izan dugu eta urrian, dena ondo badoa, bosgarrena hasiko da. Hilabetean behin elkartzen gara, asteburu batean, eta bakoitzean gai bat lantzen dugu. Gure gorputzean ditugun blokeoak, sinesmenak, zauriak begiratzeko aukera ematen diguten teknika eta erremintak erabiltzen ditut, askotan terapia kognitibo pila bat egiten ditugulako, liburu asko irakurri, baina lurreratzea edo eraldatzea, aldaketa zehatz bilakatzea kosta egiten zaigu. Nire bidea gorputzean aldaketak egitea da, gorputzetik eraldatzea. Norbera bere barneko egiekin konektatzeko eta hortik bizitza koherenteagoa edo propioagoa sortzeko baliabideak garatzeko prozesu bat da.

I. A: Nik ‘Llena de mí’-n aurkitu nuena eta Unbelaren barruan dauden ekimenekin bilatu duguna bi munduren edo lanketaren txertaketa da: egitura politikoa, heteropatriarkala, hausnartu eta desegiteko bide feminista barne begirada batekin uztartzea. Niri gertatzen zitzaidan edertasun kanonei buruz sekulako diskurtsoa egin nezakeela baina ezin nuela nire burua biluzik ispilu aurrean begiratu.

Jardunaldietarako lagun ugari batu zarete. Nolakoa izan da antolaketa?
N. Z: Orain ari gara konturatzen zenbaterainoko lana den. Unbelaren jatorria amets bat izan zen: gorputzekin elkar topatzeko jaialdi bat prestatzea. Baina bizi dugun egoeran, jardunaldiak online egitea hasteko modu bat zela iruditu zitzaigun. Gainera, formatu baliagarria izango zen gure gogo eta amets honen harrera ikusteko. ‘Egin dezagun’, esan genuen, eta ezagutzen genituen proiektu ederrekin harremana egiten hasi ginen. Baiezko borobila jaso dugu.

I. A: Zailtasunak egon badira ere, oso erantzun positiboa jaso dugu. Parte hartuko duten emakume guztiek beso zabalik jaso dute gonbidapena. Honen beharra antzematen zuten eta bide onean geundela baieztatu digu horrek: proposamenak zentzua eta garrantzia dauka.

N. Z: Pozgarria izan da beste batzuek ere ideia hau zutela jakitea. Lan hau bakarrik egitea gogorra da eta sareak indartzen lagun dezake.

Egun bakoitzean gai bat jorratuko duzue eta horri lotutako bideoak zintzilikatuko dituzue gutxienez hamar egunez. Azken egunean, topaketa egiteko asmoa duzue, elkarrizketa kolektibo bat hasteko.
I. A: Helburua da azken egun horretara arte nahiko mentala izango den lanketa gorpuztea, nahiz eta online izan. Sortu den mami guztia ospatu nahi dugu eta, bestalde, eztabaida eta hausnarketa kolektiboa abiarazi. Lanketa hauek guztiak ezkutuan, isilean egin izan dira. Badira Euskal Herrian halako ekimenak, jendeak parte hartzen du, baina ez dugu gehiegi hitz egiten horiei buruz. Tabu izan daitekeen hau harro erakustea eta leku bat ematea ere bada xedea.

Egin dezagun errepaso bat egunez egun. Lehen egunean, maiatzak 20, Unbelaren aurkezpena eta hasierako elkarrizketa eginen dituzue.
N. Z: Jardunaldien hasieran Unbela aurkeztu eta hurrengo urratsetarako ditugun ideiak kontatuko ditugu. Lehen bideorako Zuriñe Hidalgo aukeratu dugu oso ezaguna delako eta emakumeekin erretiroak egiten eta zikloen inguruan espazioak zabaltzen ari delako buru-belarri.

Hurrengo egunean bost hizketaldi izanen dira «Bizitzaren zikloarekin dantzan» gaia jorratzeko.
I. A: Gaztaroan hasi eta bizitza osoan gure gorputzetan ematen den ziklotasunaren jakituria berreskuratu nahi dugu. Horretarako, Esther Molinerok nerabeekin lantzen duen ‘Loratuz’ proiektua ekarri dugu, adibidez.

Hirugarren egunean, gorputzen eta sexualitatearen jabetzea landuko duzue.
N. Z: Hor jarri nahi dugu fokua konturatzeko zenbateraino gauden deskonektatuta gure gorputzetik. Oso sexualitate murritza eta normatiboa bizi dugu eta horrek oso zatituta, minduta eta gogogabetuta uzten gaitu. Besteak beste, Tamara Arroyoren ‘Psicología y Mujer’ proiektuaren bidez helduko diogu horri.

Laugarren egunari ‘Zirkulua sendabide’ izena jarri diozue.
I. A: Zirkuluaren potentzialtasuna aldarrikatuko dugu, tribuaren beharra, indarra eta horizontaltasuna. Horretarako, besteak beste, Naiara Mandalunizek ‘Iparraldeko Denda Gorria’ espazio abegikorra aurkeztu du.