GAUR8

Urdaibain jaiotako arrano arrantzaleen hirugarren kumea albinoa da, «munduan ezagutzen den lehena»

Urdaibaiko arrano arrantzaleen habiak beste ezusteko bat eman du asteazken honetan, hirugarren arrautza apurtu duen txita zuri-zuria baita, «munduan ezagutzen den lehen arrano arrantzale albinoa». Adituek azaldu dute zaila izango dela kume horren biziraupena.

Azken egunotan albiste izan dira hamarkada askoren ondoren Urdaibain jaiotako  arrano arrantzaleen kumeak. Joan den igandean lehenego bi txitak jaio ziren, eta asteazken honetan beste albiste bitxi bat eman du habiak: eme gazte batek hiru arrautza jartzea ezohikoa da eta, gainera, albinoa da jaio den hirugarren txita.

Arrano arrantzaleen bikotearen jarraipena egiten duen Urdaibai Bird Centerrek azaldu duenez, «sabuespena» da hirugarren urteko eme gazte batek hiru arrautza jartzea, ohikoena bi arrautz errutea izaten baita.

Landa jatorri frantseseko hiru urteko emea da. Roy, Urdaibain hazia eta askatu ondoren Eskoziatik etorritako arra, zazpigarren urtez jarraian itzuli da Bizkaiko erreserbara bere migrazio ibilbidean.
Erronka handiena, aurrera ateratzea

Bigarren sorpresa txita jaio denean heldu da habiaren irudien zuzeneko emanaldia jarraitzen ari ziren ikusleentzat: «erabat zuria» da kume txikiena. Honekin lotuta, zentroak ohartarazi du «txita albino baten biziraupena erronka handia izango dela», aurrera ateratzea ez baita erraza izango.

Adituek gogoratu dutenez, «naturari bere bidea egiten uztea da» orain egin daitekeen gazua bakarra. Momentuz, Urdaibaitik heltzen diren zuzeneko irudiekin gozatzeko aukera dago Urdaibai Bird Centerren webgunean bertan.

Orain, gainera, zuzeneko azken 12 orduetan gertatu dena edozein unetan ikus daiteke atzera eginez.