GAUR8

Otsaileko suteak ingurua hartu bazuen ere, urubiak Aiako Harrira itzuli dira kumatzera

Otsailean Beran piztu zen suak ingurua hartu eta habia kutxatik metro batzuetara geratu bazen ere, urubiak Aiako Harria Parkera itzuli dira eta berriz kumatu dute bertan. Ulian, aldiz, gaueko harrapakariek  behar duten lasaitasuna hautsi eta aurten hutsik agertu da habia, Parkea Bizirik-etik azaldu dutenez.

Kezka zegoen, otsailaren 20an Beran piztu zen sutea Aiako Harria parke Naturalera iritsi zelako. Habia-kutxa dagoen tokitik metro gutxira lortu zuten itzaltzea. Ordurako, Parkea Bizirik taldeko kideek bazuten kutxa garbituta eta atonduta betiko tokian, haientzako prest.

Urubiak suak kaltetutako eremura itzuli behar zuten ikustea falta zen, eta «ezustekoa» apirilean iritsi zen. «Ikuskapena egin orduko errunda zituzten bi arrautzak apurtzear» zeudela ikusi zuten elkarteko partaideek.

Une hura gogoratuz, talde naturalistak zehaztu du «dantzan» ari zirela zirudiela eta «dar-dar» egiten zutela, barrutik elkarri txio egiten zioten bitartean. Une hori jasotzen duen irudiak bildu dituzte bideo batean.

Azken bi hilabeteetan bapo jan dutela ikusi dute, kutxaren oinarrian zozo-lumen hondarrak eta zizareak ziruditen sagu isatsak aurkitu baitituzte, besteak beste. Maiatzetik kutxatik kanpo bizi dira urubi gazteak.

Uliakoa eta saihestu beharreko kalteak

Ulian ez zegoen sutearen kezka, urubientzako jarritako habia-kutxa eremu ezkutu batean zegoen zuhaitz batean zegoen, ez zegoen haraino eramaten zuen biderik. Hala ere, Parkea Bizirik elkartetik azaldu dutenez, urte hasieran ikusi zuten mendiko bizikleten joan-etorriek bide bat ireki zutela enborretik zentimetro gutxira.

Gaueko harrapakariek habia egiteko behar duten lasaitasuna apurtuta, kutsa hutsik geratu da aurten, eta iaz «mugak hautsi» zituzten bi urubi kumeen irudiak desagertu dira aurten.

Parkea Bizirik Kolektiboak ohartarazi du txirringen etengabeko joan-etorriek higadura handia eragiten dutela. «Lurra desagertuz doa eta zirkuitu berriaren kota lehen zegoena baino 40 zentimetro beherago dago», eta horrek kalteak eragiten ditu agerian utzitako sustraietan, azalik gabe geratzen baitira.