GAUR8

Araban duela 37 milioi urte bizi ziren sasizaldi espezie ezezagun bi deskribatu dituzte

EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldeak Zanbranako paisaia subtropikalean orain dela 37 milioi urte bizi ziren ugaztun paleoteridoen (sasizaldien) beste bi espezie deskribatu ditu. Hortzen ezaugarri atipikoengatik uste dute eremu iberiarreko ingurumen baldintzak Europako erdialdekoen desberdinak zirela.

Zaldiak elurtutako larreetan, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Zaldiak elurtutako larreetan, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Gaur egun zaldi, asto eta zebra espezie gutxi batzuk baino ez daude, baina Eozenoan (duela 56-33,9 milioi urte bitarte) aniztasun handiagoa zegoen. Garai hartan Europa artxipielago bat zen eta paleoteridoak ziren gehien hedatutako taldeetako bat.

Leire Perales-Gogenolak zuzendutako ikerketa batek garai hartan Zanbrana aldean bizi ziren eta orain arte ezagutzen ez ziren ugaztun paleoteridoen bi espezie deskribatu ditu. Leptolophus cuestai eta leptolophus franzeni izenak jarri dizkiete, Miguel Angel Cuesta eta Jens Lorenz Franzen paleontologoen omenez. Ikerlanaren ingurukoa “Journal of Vermiolate Paleontology” nazioarteko aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu du euskal paleontologoak.

Artxipielagoa zen Europa hartan sasizaldien dozena erdi genero baino gehiago zeuden, erdia baino gehiago endemikoak iberiar uhartean. Eozenotik Oligozenorako trantsizioan izandako krisi klimatiko-biologikoan desagertu ziren.

Animalia haien deskribapenaz, esan dute oraingo zaldien antzekoak zirela, baina txikiagoak. Ainara Badiola doktore eta ikertaldeko kideak azaldu duenez, «fox terrierraren, dogo alemaniarren eta asto baten neurriko hiru behatzeko zaldiak imajinatu» behar ditugu.

Hortz atipikoak

Adituek nabarmendu dutenez, aurkikuntza berriek paleoteridoen faunen erregistro fosila eta biodibertsitatea areagotzen dituzte. Hortz ezaugarri ezohikoak dituztela azaldu dute: «atzeko haginek koroa oso altua dute, eta zementuzko geruza lodi batez estalita daude».

Hortz mota hori beste paleoterido iberiar batzuetan ageri da. Adituen ustetan, litekeena da eremu iberiarraren eta Europa erdialdearen arteko ingurune-baldintzen diferentziaren adierazgarri izatea, «Iberia aldean baldintza idorragoak edo baso ez hain txikiak eta eremu irekiagoak izatea».

Eozeno amaieran baso intertropikalak galduz joan ziren Europan, landare komunitate epelagoei eta eremu irekiagoei bidea emanez. Zaldi modernoak edo ekidoak beranduago agertu ziren, Miozenoan, gogoratu dutenez.
Zanbranako goi Eozenoko aztarnategiko Leptolophus cuestai espezie berriaren antzeko haginek ere ohi baino koroa altuagoak diztute, Europako lehen ekidoetako batzuen antzekoak.

EHUko adituek Zanbranako ugaztunen askotariko fosilek ematen duten informazio berria nabarmendu dute, Europan eta gure inguruan denbora geologikoan izaniko klima eta ingurumen aldaketak aztertzeko. Paleontologoek, gainera, jarraitzen dute material gehiago deskribatzen.