GAUR8

Educatool, seme-alabak hezteko modua egokia den jakiteko tresna

Alex Letosa psikologoa, logopeda, institutuko zuzendari ohia eta UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien ikasketen irakasle laguntzaileak Educatool metodoa egin du, «Hezteko jarraibideen eskuliburu» gisa sortutako metodoa, «modu positiboan eta haurrenganako errespetuan» oinarrituta.

Bere hezteko modua egokia den jakin nahi duenarentzako tresna (Kelli McClintock / unsplash.com)
Bere hezteko modua egokia den jakin nahi duenarentzako tresna (Kelli McClintock / unsplash.com)

Educatool SpinUOC 2021 ekintzailetza eta transferentzia programan eragin sozialik nabarmenena izateagatik saritutako proiektua da. Educatoolen ideia honako premisa honetan oinarritu da: haurren hezkuntza-arrakastaren % 80 ez dago eskolaren edo beste faktore batzuen mende, baizik eta zuzenean familiaren mende. Metodoaren egile Alex Letosak gogorarazi duenez, guraso askok maiz galdetzen diote beren buruari zergatik haurrak ez diren etortzen eskuliburu bat besapean dutela, eta zientziak dagoeneko aurkitu duela dio hezteko jarraibideen eskuliburu hori.

Izan ere, Letosak azaldu duenez, sortu duen tresna ebidentzia zientifikoetan oinarritzen da. Proiektuaren oinarria ordenagailuan, tabletan, mugikorrean eta gisako gailuetan erabil daitekeen web plataforma bat da. Aita, ama edo «hezteko modua egokia den» jakin nahi duen pertsona batek webgunean sartu, erregistratu eta online galdetegi bat erantzun dezake doan. Emaitzak baliagarriak izango dira pertsona bakoitzak bere hezkuntza-modua alderdi desberdinetara nola egokitzen den jakiteko.

Galdetegiaren emaitzak hainbat ataletan multzokatzen dira: pertsonak bere seme edo alabaz duen baldintzarik gabeko onarpen positiboa, hezteko orduan duen estiloa, komunikatzeko eta gatazkak konpontzeko duen modua eta eskaintzen duen eredua (hau da, seme-alabek pertsonarengan ikusten dituzten jokabideak eta trebetasunak).

Halaber, kontuan hartzen da ea pertsonak badakien seme-alabak zein garapen-unetan dauden eta garapen-etapak  zein diren, ea hezkuntza-denbora ondo antolatzen duen, ea emozioak ondo kudeatzen dituen eta, azkenik, ea ondo dagoen, «zu ondo ez bazaude, ezin baituzu ondo hezi», nabarmendu du Letosak.

Urteetako esperientziaren ondoren garatutako tresna

Eductool proiektua 200 bat familiak erabili dute dagoeneko, «oso emaitza onak izanda» probatu dutenak. Horri esker, sinergiak sortu dira besteak beste Glifling enpresarekin, eta 700 erakunde eta ikastetxerekin baino gehiagorekin jarri dira harremanetan. Maiatzean merkaturatu zen, eta hiru sorta nagusi ditu proiektuak: Family, Center eta Institution.

Educatool tresnaren ideia duela bost urte sortu zen Letosaren bikotekide Ainhoa Guerrerori esker. Hau ere logopeda eta irakaslea da, berrikuntza pedagogikoko eskoletan hogei urte baino gehiagoko esperientzia duena. Letosak hezkuntzako profesional gisa, ikertzaile gisa eta hiru seme-alabaren aita gisa hogei urtez ikertu eta aurkitu zuen guztia biltzea zuen helburu.