GAUR8

Euskara hutsean idatzitako 1743. urteko gutun bat aurkitu dute Oiartzungo udal artxiboan

1743. urtean euskara hutsean idatzitako gutuna aurkitu dute Oiartzungo udal artxiboan. Dokumentua altxor bat da ikuspuntu askotatik ikusita, XVIII. mendean korrespondentzia pribatuan euskara ere erabiltzen zela baieztatzen duelako, Ipar eta Hegoaldeko euskalkien arteko ulermen arazorik ez zegoela erakusten duelako, eta garaiko gizartearen antolamenduaren erretratu argi bat ematen duelako.

Udal artxiboan aurkitutako 1743 urteko eskutitza. (Oiartzungo Udala)
Udal artxiboan aurkitutako 1743 urteko eskutitza. (Oiartzungo Udala)

Duela 278 urte euskara hutsean idatzitako gutun bat aurkitu dute Oiartzungo udal artxiboan. Jexux Leonet alkateak nabarmendu duenez, «poz izugarria» hartu dute aurkikuntzarekin, «herriak euskararekiko izan duen harremanaren isla» izateaz gain, XVIII. mendean korrespondentzia pribatuan euskara erabiltzen zela baieztatzen duten dokumentu bakarretako bat ere badelako.

«Anekdota dela esan dezakegu, baina normaltasuna ere islatzen du. Gutunak agerian jartzen du euskarak lekua zuela mundu idatzian XVIII. mendean», adierazi dute.

Auger Greziet (Oier Gerezieta) hazpandarrak, Oiartzungo zirujaua zenak, Jose Fagoaga herriko bikarioari bidalitako eskutitz pribatu bat da. Bertan, Gerezietak «mesedea» eskatzen zion bikarioari, «Oiartzungo bailaratik kanpo joateko udalbatzak aurretik emana zion baimena luzatzeko kudeaketa» egin zezan.

Garaiko gizartearen erretratua

«Garaiko harreman sozialetan tratamenduak zuen garrantziaren lekukotasuna ere bada gutun hau; begirunez eta mintzaira jasoan idatzia dago eta etengabeak dira laudorioak, goraipamenak, esaldi jantziak…», azaldu dute.

Horregatik, nabarmendu dute, kasualitatez egindako aurkikuntzak informazio zabala ematen duela hainbat arlotan, aspektu linguistikotik harago, adibidez Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean zeuden harreman estuaren inguruan.

Zehaztu dutenez, gezurtatzen du, batetik, euskalki ezberdinetan mintzatzen ziren euskaldunek ez zutela elkar ulertzen; «are gehiago, gaur egun ere ulertzeko arazorik ematen ez duen moduan idatzita dago Gerezietaren gutuna (lapurteraz)».

Orduko gizartearen antolaketaren inguruan ematen duen informazioa ere azpimarratu dute. «Oiartzungo kasuan, bailararen hedaduran kontuan hartuta», zerbitzu on bat emateko Udalak bi zirujau-bizargin tituludunak kontratatzen zituela nabarmendu dute, eta eskutitzaren edukiak erakusten duenez, Lapurdira jo zuten zirujau bila.

Iago Irixoa Erein Kultur Zerbitzuak enpresako historialariak aurkitu zuen dokumentua, bestelako informazioaren bila zebilela. Aurkikuntza ustekabea izan da, baina gogoratu dute, halere, euskararekiko konpromisoa erakusten duen lana burutzen ari direla udal artxiboan, arloko lan hizkuntza euskara izateaz gain artxiboaren hustuketa euskaraz egiten ari baitira.

«Akta-liburuak jasotzen dituen orri guztiak irakurri eta laburpen txiki batekin deskribatzen dira, dauden akordio, idazki edo erantsitako edozein dokumenturen edukia jasoz. Parte hartzen duten pertsona guztien izenak eta agertzen diren leku guztiak ere aipatzen dira», azaldu du Koro Pascual artxibozainak. Azpimarratu dutenez, «udal akten hustuketa euskaraz egitea ez da ohikoa oraindik», eta horrek Oiartzun herri aitzindarietako bat egiten du arlo horretan.