GAUR8

Galtzeko arriskuan dagoen Bonelli arranoaren sei txita askatu dituzte Araban

Kantabria mendilerroan sartutako sei txita habitat berrira egokitzeko prozesuan daude, abuztuan behin betiko aske utzi arte. 2015etik mehatxatutako hegazti harrapariaren 30 ale askatu dituzte. Upategiek laguntzeko neurriak hartuko dituzte.

Foru Gobernuko arduradunak eta upategietako ordezkariak hegaztiak askatzeko ekitaldian.
Foru Gobernuko arduradunak eta upategietako ordezkariak hegaztiak askatzeko ekitaldian. (Arabako Foru Aldundia)

Bonelli arranoaren sei txita sartu ditu Arabako Foru Aldundiak Kantabria mendilerroan, ”AQUILA a-LIFE” proiektuaren barruan.

Galtzeko arriskuan dagoen espeziea berreskuratzeko programa Europar Batasunak finantzatzen du, hegazti harraparia «kaltebera» gisa izendatuta baitago Babes Bereziko Araubidean dauden basa espezieen zerrendan.

Askatutako sei txita estatu espainolean eta frantsesean hazitako hegaztiak dira. Aske uzteko programak ikaskuntza prozesu bat jarriko du martxan habitat berrira egokitzeko, abuztuan behin betiko aske utzi arte.

2015. urtetik espeziearen 30 ale askatu dira Araban: Kanpezun, Sobronen eta Guardian. Horietatik, hamaika Kantabria mendilerroan sartu dira 2020an eta 2021ean, eta horietatik zazpik bizirik jarraitzen dute.

Hegaztien babesak beste neurri batzuk eskatzen ditu. Linea elektrikoak, adibidez, Bonelli arranoaren mehatxu nagusietako bat dira. Horregatik, hegaztien elektrokuzioa saihesteko neurriak hartu direla esan du Josean Galera Ingurumeneko foru diputatuak.

Upeltegien eta mahaztizainen laguntza

Mahastietan erabiltzen diren alanbreak ere badira hegaztiak mehatxatzen dituzten elementuak, batez ere landaretzarik ez dagoen unean.

Arabako Errioxako paisaian gero eta ohikoagoak dira egitura metaliko horiek, eta inausketaren ondoren landaretzarik ez dagoen bitartean, xiringak gidatzen dituzten alanbreak airean esekita geratzen dira.

Arazoa saihesteko, Arabako Foru Aldundiak tokiko upategiekin eta mahastizainekin lankidetzan aritu da. Jakinarazi duenez, Eguren Ugarte, Baigorri, Murua, Familia Martinez Zabala, Luis Cañas eta Casa Primicia upategien lankidetzari esker, alanbre horien kudeaketan alternatibak aztertu ahal izan dira “Espaldera Proiektua” izeneko esperientzia pilotu batean, inausketaren unean anduiaren gutxieneko altuerara jaisteko.

Foru Gobernuak proiektuarekin bat egin duten enpresen laguntza eskertu eta aitortu du, Arabako hegazti-faunaren babesean parte hartu dutela egiaztatzen duen plaka bana emanez.