GAUR8

Planetaren osasunerako ozeanoetako mikrobiomak duen garrantzia azpimarratzen dute ikerlariek

Itsas mikrobioma aztertzeak daukan garrantzia azpimarratu dute ikerlariek artikulu batean. Ibon Cancio euskal ikertzailearen parte hartzea izan duen idatzian, «munduko oihan torpikal guztiek adina oxigeno» sortzen duen unibertsoa dela nabarmendu dute.

Ozeanoetako mikrobiomaren funtzioak azaltzen dituen infografia.
Ozeanoetako mikrobiomaren funtzioak azaltzen dituen infografia. (EHU)

Mikrobio-galaxiek, bakterioek, arkeek, onddoek, mikroalgek eta itsas birusek ozeanoetan osatzen duten unibertsoak planetaren osasunerako daukan balioa nabarmendu du Ibon Cancio Plentziako Itsas Estazioko ikertzailearen parte hartzea izan duen artikulu batek.

Ozeanoetan bizi diren organismo horiek «espazio eta elikagaiengatik lehiatzen dira, beren arteko eta beren ingurunearekiko harreman korapilatsuak sortzen dituzten bitartean», zehaztu dute, interakzio horrek ozeanoei eta, oro har, planetari mesede egiten dieten funtzioak azpimarratuz.

«Elikagaien hornitzaileak, hodeien prestatzaileak, hondakinen ezabatzaileak, ur-araztegiak ingeniari kimikoak eta elikagaien sare ozeanikoko arkitektoak dira», zehaztu dutenez.

Funtzio horien garrantzia nabarmentzeko, munduko oihan tropikal guztiek adina oxigeno sortu eta haiek baino karbono dioxido gehiago xurgatzen dutela gogoratu dute.

Funtzio horiei begira, itsas mikrobioma aztertzeko eta ulertzeko lehentasunezko helburu batzuk ezartzeko elkarlanean aritu dira Plentziako Itsas Estazioa, EMBRC-ERIC itsas biologiaren eta ekologiaren arloko ikerketarako Europa osoko azpiegituraren barruan, Tara Ocean, Tara Fundazioa eta EMBL-n. «Klima aldaketaren aurrean nola funtzionatzen duen eta nola erantzuten duen eta ozeanoetatik lortzen ditugun funtsezko zerbitzuei nola eragiten dien jakiteko».

Ikerketak zehaztutako lehentasunak “Nature Mikrobiology” aldizkari entzutetsuan argitaratutako artikulu batean agertzen dira, eta informazioa argitalpenaren azalera eraman dute.

Ikertzaileek nabarmentzen dutenez, «mikrobioma ozeanikoak ongi funtzionatzea mikrobio-komunitate ezberdin eta ugariren mende dago. Berotze globalak, itsasoko izotza urtzeak, ozeanoen azidotzeak, kosten degradazioak, gehiegizko arrantzak eta poluzioak, besteak beste, desitxuratu egin dezakete eta haien produktibitatea murriztu».

Ahaleginak partekatzearen garrantzia

Mehatxu horien aurrean mikrobioak babesteko lehentasunak ezartzeaz gain, organismo horien garrantziaz jabetzea eta horien ikerketan jurisdikzio nazionalez gaindiko baliabideak berdintasunez partekatzea bermatzea dira ikerlarien proposamenaren beste ardatz bi.

Ibon Cancio euskal ikerlariaren esanetan, «mikrobioma ozeanikoak ulertzea ikerketa-arlo zirraragarrienetako bat da gaur egun». Zehaztu duenez, oraindik erantzunik ez duten galdera asko dago zientzialarientzat: «mundu osoko ikerketa-taldeek beren sekreturik ezkutuenak aurkitzen jarraitzen duten bitartean, artikulu honen helburua ahaleginak partekatzea da, eta gaur egun itsas biologiako gairik garrantzitsuenetariko bati ekiteko beharrezko tresnak eta bitartekoak proposatzea».