GAUR8

Euskara praktikatzeko aukera sorta ederra, urritik aurrera AEKren eskutik

Urritik aurrera abian egongo dira Praktikatu programaren barruan euskaraz hitz egiteko AEKk eskaintzen dituen doako saio ezberdinak. Gurasolagun, berbalagun, mintzalagun... izateko izena emateko epea zabalik dago.

Irudian, familiak 22. Korrikaren zain Donostian.
Irudian, familiak 22. Korrikaren zain Donostian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Arrazoi ezberdinak tarteko, gero eta gehiago dira euskara praktikatzeko saioetara hurbiltzen diren lagunak. Hizkuntza ikasten ari direlako, inguruan erabiltzeko aukera gutxi dutelako, seme-alabekin euskaraz hitz egiteko edota mintzapraktika talde askotan sortzen den giroa gustuko duelako, taldean praktikatzeko eskaintza zabal berri bat aurkituko dute berriz ikasturte honetan, AEKren eskutik.

Doako saioak dira, eta parte hartzeko izena emateko epea zabaldu da, euskaltegietan, udal euskara zerbitzuetan edota Praktikatu.eus atarian.

Mintzalagun, gurasolagun, mintzakide edo berbalagun izenarekin, euskara praktikatzeko talde ezberdinak urrian jarriko dira abian. Online eskaintzen diren saioen kasuan, azaroan hasiko direla iragarri du AEKk.

«Praktikatu hazten ari den egitasmoa da», nabarmendu du ohar batean. Izan ere, Euskal Herriko 76 herritan egiten dira mintzapraktika saioak, eta horiekin lotuta 300 ekintzatik gora burutzen dira urtean zehar. Mintzodromoa dago antolatzen diren ekintza horien artean, baina tailer, irteera eta mota askotako jarduerak, taldean bilzten diren lagunen interesen arabera.

Ikasturte berriarekin hiru proiektu berri jarriko dituzte martxan Zangotzan, Igorren eta Pasaian. Horren ondoan, gogoratu dute hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak jarraipena izango duela Durangaldean, Arriben eta Urola Kostan; «eta elkarri hika hitz egiteko talde berrien sorrera ere sustatuko» dela Usurbilen eta Lea-Artibain, besteak beste.

Programaren barruan familiei zuzendutako gurasolagun ekimena ere egongo da eskaintzaren barruan, horrek plazaratzen ohi dituen jarduera ugarirekin, txangoak, tailerrak edota jolasak ohikoak izaten baitira gurasoak eta seme-alabak biltzen dituzten talde horietan.

Ariguneak, Euskaraldiari begira

Euskaraldiaren hirugarren edizioaren atarian, hizkuntza praktikatzeko proiektu ezberdinek duten garrantzia nabarmendu du AEKk: «Mintzataldeak euskaraz bizitzeko aukera ematen duten arigune naturalak baitira, hau da, uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten guneak».

Ildo beretik, natura, kirola edo kulturaren inguruan antolatutako jarduera osagarrietan sortzen diren harreman sare berriak eta horiek euskararen transmisioa sendotzearen bidean suposatzen duten ekarpena azpimarratu du AEKk.