GAUR8

Plagiziden dosiak lurzoruaren ezaugarrietara egokitu behar direla ondorioztatu du UPV/EHUko ikerketa batek

Produktu fitosanitarioen erabileran bilatutako efektuak lortu eta ondorio toxikoak saihesteko, dosiak lurzoruaren ezaugarrietara egokitu behar direla ondorioztatu du UPV/EHUko ikerketa batek.

Irudian, Erik Urionabarrenetxea eta Manu Soto ikerlariak, Plentziako Itsas Estazioan.
Irudian, Erik Urionabarrenetxea eta Manu Soto ikerlariak, Plentziako Itsas Estazioan. (Tere Ormazabal | UPV/EHU)

Plagiziden erabilerak zoruko organismoetan duen eraginaren inguruko azterketa egin dute UPV/EHUko Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologiako ikerketa taldean. Zehazki, produktu fitosanitarioen erregulazioan erabiltzen den PERSAM (Persistence in Soil Analytical Model) tresna nola hobetu ikertu dute.

Azaldu dutenez, orain arte PERSAM programak produktu horien aplikazio jakin batekin zer kontzentrazio espero zitekeen kalkulatzen zuen. «Orain, lortu dugu estrapolatzea kontzentrazio horiekin zer arrisku izan litekeen, eta arrisku horretan zer faktorek eragiten duten ere. Ez bakarrik lurzoruaren baldintzak kontuan hartuta, baita uzta-motaren eta pestizida-motaren arabera ere», azaldu du Manu Soto irakasleak.

Zehaztu du ikerlariak toxikotasuna ezberdina dela lurzoruen ezaugarrien eta ingurumen-aldagaien arabera, eta horren arabera ezin dela Europa osoan aplikazio-dosi bakarraren logika jarraitu. «Baliteke aplikazio-dosi batek inolako eraginik ez izatea Suedian, adibidez, baina bai Espainian edo Frantzian».

Ebaluazio metodo berri bat

Bereizketa horren bila, Elikagai Segurtasunaren Europako Agintaritza jarri zen kontaktuan ikertzaile taldearekin, eskualdeetako aldakortasuna eta paisaian oinarritutako ebaluazio-metodo bat garatzeko.

Ikerketan,lau pestizidak organismo mota ezberdinetan zer eragina duten aztertu dute Europako iparraldeko, erdialdeko eta hegoaldeko hainbat tokitan. Izan ere, ikertzaileek esplikatu dute aldakortasun handia antzematen dela iparraldetik hegoaldera, baita eskualdeen barnean ere.

«Kontua da arriskua hobeto kalkulatzea, kontzentrazioetan bakarrik ez gelditzea, hori oso aldakorra izan baitaiteke. Garrantzitsua da kontzentrazio horiek eragiten dituzten ondorio toxikoei erreparatzea: zer efektu izan dezaketen eta horrek zer arrisku eragin dezakeen, gero nekazaritzako jardunbideetan aplikatu ahal izateko», diote ikertzaileek.

«Lurzoruaren ezaugarriak kontuan hartzea» planteatzea «aurrerapauso handia» dela eransten dute, «orain arte ez baitzen kontuan hartzen». Lanean jarraitzen dute arlo honetan, «horrek guztiak ikuspuntu ekologiko batetik zer inpaktu izango lukeen aztertzen ari gara orain».