GAUR8

Umeentzako tailerrak eta arkitekturari buruzko ibilbide gidatuak, Ondarearen Europako jardunaldien harira

«Ondare jasangarria» da aurtengo Europako Ondarearen Jardunaldien leloa, eta proposatutako gaiari helduta, arkitekturak eman dezaken laguntzaren inguruan antolatutako tailerrak eta bi ibilbide gidatu antolatu ditu Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritzak Bilbon.

Bilboko Areatza, artxiboko irudian.
Bilboko Areatza, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan, umeentzako tailerrak eta arkitekturari buruzko bisita gidatuak antolatu ditu Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritzak.

Ondare komuna sustatzeaz gain, kulturen arteko elkarrizketa bultzatu eta ondarea babesteko beharraz sentsibilizatzea dira Europako jardunaldien helburuetako batzuk, gogoratu dute ohar batean.

Aurtengoak “Ondare jasangarria” lelopean ospatzen dira, eta ordezkaritzaren egoitzaren barruan eta kanpoan helburu horiekin lotutako ekitaldiak antolatu dituzte, «arkitekturaz eta ondareaz ahalik eta ikuspegi gehienetatik gozatzeko».

Izan ere, haurrei eta familiei zuzenduta, hiri-ekosistemek eta arkitekturak planetaren jasangarritasunean laguntzeko duten gaitasunari buruzko gogoeta planteatzen da “Ekosistemak” arkitektura tailerretan.

Lehen tailerra ostiral honetan izango da, Detalleseko Elena Rodriguezek zuzenduta. Lehen saioa (17.15ean) familientzat izango da, eta bigarrena (18.30ean), umeei zuzenduta.

Ibilbide gidatuei dagokienez, “Arrazionalismoaren eta mugimendu modernoaren arrastoa Bilbon. Zabalgunearen hirugarren belaunaldia” da proposamena, Patxi eta Bernardo Garcia de la Torre arkitektoek gidatuta.

Pasa den mendeko 30eko hamarkadatik

«Bilboko Zabalgunea eta bertako arkitekturaren historia zeharkatzen duten bi ibilbide dira, XX. mendeko 30eko hamarkadako Arrazionalismotik 60ko hamarkadara eta ondorengo Mugimendu Modernora», zehaztu dute.

Lehenengo ibilbidea Areatzako zubitik Plaza Eliptikora egingo da eta, bigarrena, Plaza Eliptikotik Jesusen Bihotzera.

Hilaren 21ean, gaztelaniaz, eta 22an, elebidunez, egingo diren ibilbideak “Zabalguneko Hirugarren Belaunaldiko” arkitekturan sakonduko dutela azpimarratu dute. Horren protagonista nagusien artean Pedro Ispizua, Fernando Arzadun, Tomas Bilbao, Manuel Ignacio Galindez, Fernando Urrutia Rafael Fontan edo Eugenio Maria Aguinaga aipatu dituzte, besteak beste.

Ekitaldietan parte hartzeko, izena eman behar da kultura.bizkaia@coavn.org helbidean.