GAUR8

Ia 30.000 ikaslerekin eta metodologia eta material berriarekin abiatu dira Bertsozale Elkartearen eskolak

Zazpi herrialdeetako 29.700 ikasle ari dira ikasturte honetan Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen eskoletan parte hartzen. Material didaktiko berria eta bat-bateko metodologiaren lanketa ardatz hartuta, motibazioa areagotu eta bertsotarako jarioa hobetu dela ondorioztatu dute.

Bertsozale Elkarteak antolatutako eskolek 29.700 ikasle biltzen dituzte ikasturte honetan.
Bertsozale Elkarteak antolatutako eskolek 29.700 ikasle biltzen dituzte ikasturte honetan. (Bertsozale Elkartea)

Bertsozale Elkarteak zazpi herrialdeetako 230 herritan antolatzen dituen eskolak 485 ikastetxera heldu dira ikasturte honetan eta guztira 29.700 ikasle ari dira bertso-eskola horietan parte hartzen, elkarteko 50 ikasleren eskutik.

Ibilbide luzea duen ekimenean, metodologia eta material didaktikoaren garapenean egiten ari den ahalegina azpimarratu du Bertsozale Elkarteak.

Gogoratu duenez, 37 urte dituzte ikastetxeetan ematen diren bertso eskola horiek, baina azken urteetan, indar berezia egiten ari da «metodologian, irakasleen formakuntzan eta material sorkuntzan».

Bide horretan, haurrentzat espresuki sortutako ereduetan oinarritzen dira bertsolaritzaren inguruko eskolak, eta bat-bateko metodologia izaten dute ardatz.

Ahozkotsuna erdigunean jarrita

«Azken honekin ari garenetik ikasleengan motibazioa areagotu dela, ahozkotasuna erdigunean jarri dela eta bertsotarako jarioa hobetu dela ondorioztatu dugu ikastetxeek ikasturtero betetzen duten ebaluazio galdetegietan», zehaztu dute.

Material didaktikoen eta metodologien ikerketak ez du etenik izan, azpimarratu dutenez. «Bertsozale Elkarteko 50 irakasleak herrialdeetako mintegietan elkartzen dira, ikasgela barruko lana partekatzeko; eta aldi berean, Batzorde Pedagogikoan biltzen dira herrialdeetako didaktika arduradunak, metodologia, formazio eta materialgintza gaiak lantzeko», azaldu dute.

Irakasle berriek, halaber, Moodle plataformaren bidez eta saio presentzialetan oinarrizko formazio ikastaroa jasotzen ari dira, gainerako irakasleek formazioan sakontzen jarraitzen duten bitartean, nabarmendu dute.

HUHEZIren laguntza

Formazio horretan HUHEZI fakultatearen (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea) laguntza dute, aldiro gela barruko lana aztertuz. «Horretarako, irakasleek euren eskolak bideoz grabatzen dituzte, eta HUHEZIko formatzaileen bidelaguntzarekin, horiek gidatzeko euren moduak nola hobetu ditzaketen lantzen dute», esplikatu du elkarteak.

Zehaztu dutenez, batzorde pedagogikoko lantaldea bera ari da HUHEZIrekin formatzen eta irakasleen taldearekin batera material berria sortzen.

“Zozoak beleari… kopla bi!” materiala da lan horren emaitzetako bat, eta hiru formatutan eskura daitekeela zehaztu dute: www.bertsoikasgela.eus atarian, formatu digitalean; ikasleentzat, ikasliburu formatuan eta irakasleak gelara eramateko karta jokoen bidez.

Ikasmateriala sortzeko prozesuan, haurrentzat bertso sortak jartzen dituzten bertsolari, ilustratzaile (Ainara Azpiazu Axpi, Izaro Lizarraga, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo) eta musikatzeaz arduratzen den Oskar Estanga bertsolari eta musikariaren lana azpimarratu dute, halaber.