GAUR8

Buru osasunean familiek duten papera eta horien ongizatea hobetzearen beharra, Donostian hizpide

Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen errehabilitazioan funtsezkoak diren familien ongizatea hobetuko duten zerbitzuen beharra hizpide izango da Agifesek Donostian antolatu duen hitzaldian. Arlo ezberdinetako profesionalen eta elkarteko familien esperientziak bilduko ditu.

Donostiako Udaletxean izango da Agifesen hitzaldia, 18.00etan.
Donostiako Udaletxean izango da Agifesen hitzaldia, 18.00etan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak eta haien familiak biltzen dituen Agifes Gipuzkoako elkarteak azken horien paperean eta behar duten zaintzan jarriko du fokua astelehenean (hilak 24), Donostian izango den hitzaldi batean.

Nahasmendua duen pertsonarentzat familiak sostengu gisa duen garrantzia nabarmendu nahi dute, baita senide horien ongizatea hobetuko duten zerbitzuetan inbertitu beharra ere, ohar batean azaldu dutenez. Ardatz bi horiek jorratzeko, gizarte eta osasun arloetako profesionalen azalpenak eta erabiltzaileen testigantzak eskainiko ditu hitzorduak.

“Familia eta buru osasuna. Zer egin dezakegu?” izenburupean, Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan izango da hitzaldia, 18.00etatik aurrera.

«Senitartekoek beren sostengu lana egin ahal izateko eta haien ongizatea hobetzeko dituzten laguntzak eta zaintza beharrak jorratzea» da «helburu nagusia», zehaztu dutenez.

Gaiari heltzeko, Xabier Lertxundi Gipuzkoako Osasun mentaleko Sareko psikiatra da gonbidatuetako bat. Aurreratu dutenez, «familiek buru osasun zentroetan jasotzen duten arretari buruz arituko da, baita nahasmenduren bat duten pertsonei eta bere senideei errekuperatze-prozesuan laguntzeko egiten duen lana zehaztu ere».

Testigantzak, lehen pertsonan

Familiei zuzendutako zerbitzuez hitz egingo du Veronica Pazos Agifes-eko gizarte-langileak, laguntzen inguruko kudeaketaz gain ahaleginak egiten baitira nahasmendua duen pertsonari laguntzeko tresna jakin batzuk eskura ditzaten eta kide bakoitzak familia nukleoaren barruan jokatzen duen rola ezagutzeko.

Hitzaldian, Teresa Perez buru nahasmendua duen pertsona baten amak bere esperientzia azalduko du, eta Jon Abruzak «bere errekuperazio-prozesua nolakoa izan den adieraziko du». «Toxikoen gehiegizko kontsumoak buru gaixotasuna azaleratzen lagundu zuen eta ospitalizazio psikiatriko bat izan zuen. Abruzak ahalik eta bizimodu independenteena du gaur egun, bere barne lanari, jasotako laguntzari eta Agifesen babesari esker», azaldu du elkarteak.