GAUR8

Jone Bilbao eta Elena Muñoz dira 2022ko Txiotesia lehiaketako irabazleak

Jone Bilbao eta Elena Muñoz izan dira Txiotesia lehiaketako azken edizioko irabazleak. Urdaibaiko estuarioko urak eta hesteetako hanturazko gaixotasunaren tratamendurako 3Dn egindako hidrogelak izan dira tesia sei txiotan laburtzeko artearen protagonistak.

Txiotesia lehiaketako irabazleak, Eibarren egindako sari banaketan.
Txiotesia lehiaketako irabazleak, Eibarren egindako sari banaketan. (UEU)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatzen duen Txiotesia lehiaketaren VI. edizioak baditu irabazleak: Jone Bilbao eta Elena Muñoz dira lehen sariak eskuratu dituzten gazteak.

Egiten ari diren edo defendatuta duten tesia sei txiotan laburbildu behar izan dute lehiaketaren edizio honetara aurkeztu diren 106 ikertzaileek.

Epaimahaiaren ebazpenaren arabera, Jone Bilbao izan da «txiolari ulergarriena» eta Elena Muñoz, originalena. Urdaibaiko estuarioko uraren kalitatea eta hesteetako hanturazko gaixotasunaren tratamendurako 3Dn egindako hidrogelen gaineko ikerketa izan dira txio horien protagonistak.

Jone Bilbaok Ingurugiro Zientziak ikasi ditu eta tesiko azken urtean ari da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ibai Ekologia Taldean.

Elena Muñoz Farmazia Fakultatean, NanobioCel taldean egiten ari da tesiaren bigarren urtea.

Uxoa Iñurrietak, Oskar Gonzalezek, Miren Berasategik, Jon Mentxakatorrek eta Eider Urkolak osatu dute edizio honen epaimahaia.

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 1ean egin zuten Eibarko Markesona Jauretxean, gonbidatu berezi batekin: Doktoregoak Txileko Andres Beelo Unibertsitatera eraman zuen Aitor Cevidanes Miranda. “Euskara buruan ikertu munduan. Euskal Zientzialari gazte baten gorabeherak” hitzaldia eskaini zuen.