Pertsona migratzaileen boto eskubideari buruzko kanpaina jarri dute abian Bilbon
Maiatzeko hauteskundeak direla eta, Immigrazio Gaietarako Bilboko Kontseiluko Gazteen Taldeak hainbat bideo osatu ditu boto eskubidea erabiltzera animatu eta pertsona migratzaileek bete beharreko eskakizunak azaltzeko.

Maiatzean izango diren hauteskundeei begira, pertsona migratzaileen boto eskubidearen inguruko informazio kanpaina jarri du abian Bilboko Udalak. Immigrazio Gaietarako Bilboko Kontseiluko Gazteen Taldeak landu du hainbat bideotan sare sozialen bidez zabalduko den mezua.
Udal iturriek zehaztu dute hiru bideok osatzen dutela kanpaina, «modu errazean» maiatzaren 28ko hauteskundeetan boto-eskubidea baliatu ahal izateko bete beharreko betekizun eta prozedura azalduz.
Bideo batek boto eskubidea erabiltzera animatzen du. Beste batek Bilbon erroldatuta egonik Europar Batasunean, Liechtensteinen edo Suitzan jaiota dauden pertsonek bete beharreko betekizunak azaltzen ditu.
Hirugarren bideo bat Bilbon erroldatuta egonik beste herrialde batzuetako nazionalitatea (Bolivia, Cabo Verde, Txile, Kolonbia, Korea, Ekuador, Islandia, Norvegia, Zelanda Berria, Paraguai, Peru, Erresuma Batua eta Trinidad eta Tobago) duten pertsonek bete beharreko eskakizunak azaltzeko da.
Bilboko kanpaina Lakuako Gobernuaren Migrazioaren eta Asiloaren Foroak abian jarritako ekimenaren osagarri gisa aurkeztu dute.
Gaiaren harira gogoratu dute urtarrilaren 15ean amaituko dela atzerritarren hautesle-erroldan izena emateko betekizuna betetzeko epea Europar Batasunetik (EB) kanpoko herritarren kasuan, eta hilaren 30ean, EBko herritarrentzat.
Pasa den abenduan, ‘Bozkatzea zure eskubidea da’ kanpaina aurkeztu zuen Lakuako Gobernua buru duen Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroak EUDELekin eta migratzaileen zenbait elkarterekin batera.

Inauterien izaeran sakontzeko lana, Mediabask eta NAIZ Irratiaren eskutik

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe
Maitasun aitortza bat

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian
