GAUR8

Masa zentroa kalkulatzeko EHUko bi ikasleren proposamena ‘American Journal of Physics’ aldizkarian

Masa zentroa kalkulatzeko mundu osoko irakasleek eta ikasleek erabil dezaketen jarduera bat diseinatu dute Ane eta Nerea Gondra UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Frakultateko ikasleek. ‘American Journal Physics’ aldizkari ospetsuak argitaratu du metodoari buruzko artikulua.

Nerea eta Ane Gondra UPV/EHUko ikasleak, irudian.
Nerea eta Ane Gondra UPV/EHUko ikasleak, irudian. (Unai Zorriketa | UPV/EHU)

‘American Journal of Physics’ fisika arloko argitalpen ospetsuak Ane eta Nerea Gondra UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleek Fisika Saileko Josemi Campillo eta Ibon Alonso irakasleen laguntzarekin aurkeztutako lana argitaratu du.

Ahizpa biki hauek ‘Calculation and measurements of center mass: An all-in-one activity using Tangram puzzles» deituriko lanaren egileak dira. Ingeniaritza Kimikoko Graduko ikaslea da Ane, eta Matematikako Gradukoa, Nerea. Idatzi duten artikulan, ikasleek STEM konpetentzia (Matematikak Fisika, Irudigintza Teknikoa eta Programazioa) ezberdinen erabilera egiten duten diziplina anitzeko jarduera bat proposatzen dute.

Jarduerak aukera ematen die lehen mailako ikasleei aldi berean «hainbat ikasgai lantzeko», eta kontzeptu fisiko bat (masa zentroa) uler dezakete jarduera tekniko-esperimental baten bidez, adierazi du Ane Gondrak.

Motibazioa piztea

Nerea Gondraren esanetan, «zientziako gradu askotan, ikasleek fisikarekiko duten interesa ez da oso handia, baina diziplina anitzeko jarduerei esker, ikasleak hainbat eduki, ez bakarrik fisikaren arlokoak, modu bateratuta eta zeharkakoan lantzera motiba daitezke».

Jarduerak Tangramekin (pieza ezbedinekin irudien siluetak osatzean datzan joko txinatarra) sortu duten irudiaren masa zentroa kalkulatzea du helburu, eta horretarako hainbat bide erabiltzen dituzte, fisikako, matematikako, irudigintza teknikoko eta programazioko ezagutzak oinarri hartuta, azaldu du UPV/EHUk ohar batean.

Nabarmendu dutenez, aukera merkea da, software libreko programak erabiltzen saiatu baitira, eta Tangrama kartulinekin egin daiteke. «Horrela, mundu osoko irakasle eta ikasleek erabil dezakete, arrazoi ekonomikoengatik inor baztertu gabe», azpimarratu du Ane Gondrak.

Jarduera azaltzeko bideo bat prestatu dute –argitaletxearen webgunean daude eskuragarri bideoa eta artikulua– baita prozesua pasuz pausu nola egin azaltzen duen eskuliburu bat ere.