Nerea Goti

Txitatoki Urdaibai Zirku Eskola, inklusioari mugarik jartzen ez dion proiektua

Gernikan, Astra kultur espaziotik oso gertu, Txitatoki Urdaibai Zirku Eskola dago. Haraino joan da GAUR8, aisialdia, inklusioa, pedagogia eta ariketa fisikoa uztartzen dituen proiektua gertutik ezagutzera. Mundua estuegia izan daiteke hara doazen haur askorentzat, zirkuaren praktika ez.

Zirkua ikuskizuna izan daiteke, eta praktika. Azken hori oraindik ez da gurean ohikoena izaten, eta hala ere, trapezioek, sokek eta koloretako oihalek, zirrindolek eta ohe elastiko horiek muga fisikorik ezagutzen ez duen unibertso bat marrazten dute, egoera animikoan islatzen dena. Zirkuak irribarrea marrazten laguntzen du, eta neurri handi batean, osatzen.

Hori bera baieztatu ahal izan dute Txitatoki Urdaibai Zirku Eskolan. Keko Salvadorrekin batera proiektuaren buruan dagoen Elsa Panparacuatrorekin hitz egin du GAUR8k Gernikan duten egoitzan. 

Zailtasun eta lanketa ezberdinak

Ariketa fisikotik asko daukan jarduera da zirkua, baina beste arlo batzuk ere lantzen dira: inklusioa, pedagogia, beldurrak, mugikortasun-zailtasunak... Adin guztietako ikasleak daude, desgaitasun handiak dituztenak barne, energia askokoak eta bultzada txiki bat behar dutenak. Oinarrian teknika dago, edozein ariketan arriskuak saihesteko, eta teknika horren lanketan nork bere burua gainditzeko dosi asko.

Proiektuaren bultzatzaileek azaltzen dutenez, zailtasun ezberdinak dituzten pertsonak biltzen dira saioetan eta beharren arabera laguntzaile bat izango dute ondoan, «baina ez daude aparte, taldeko beste kide bat dira». Autismo Espektroaren Nahasmenduak (AEN), Arreta Defizita eta Hiperaktibitatea (ADHN), Afaxia nahasmenduak... zirkua beharrizan ezberdinetara egokitzen da.