GAUR8

CIC nanoGUNEko ikertzaileen lana gertutik ezagutzeko aukera dute 25 ikaslek

CIC nanoGUNE nanoteknologian espezializatutako ikerketa zentroak ateak zabaldu dizkie 25 ikasleri ikerketa taldeen lana eta egunerokoa ezagutu dezaten. Hiru egunez puntako azterlanetan aritzen diren ikerlarien ondoan egoteko aukera izango dute.

Neguko eskola programan parte hartzen ari diren ikasleak.
Neguko eskola programan parte hartzen ari diren ikasleak. (CIC nanoGUNE)

Ikasleei zuzenduta, ‘Winter School’ ekimenaren laugarren edizioa ospatzen ari dira egunotan CIC nanoGUNE ikerketa zentroan. Gehienak Estatu espainoleko unibertsitate ezberdinetatik etorritako ikasleak dira, 25 guztira. Egonaldian, ikerketa talde ezberdinen lana eta Maria de Maeztu Bikaintasun Unitatea den zentro baten bizimodua ezagutzeko aukera izango dute.

«Doktore-tesia egiten jarraitzeko aukera aztertzen ari diren fisika, kimika, biologia eta ingeniaritza graduko ikasleei zuzenduta dago» deialdia, eta horren barruan, «hitzaldi akademikoak, zeharkako trebetasunetan trebatzeko saioak eta laborategiko praktikak» egingo dituzte parte hartzaileek.

Alderdi berritzaileenak

Ikasleak nanozientziako ikerketaren alderdi berritzaileenetara hurbitzea da programaren ardatz nagusia, «batez ere nanoeskalako optikaren, nanobioingeniaritzaren, nanomagnetismoaren, nanomaterialen eta teknologia kuantikoen arloetan».

Ikasgelatik benetako ikerketa lan eremu batera igarotzea eta laborategi baten eguneroko bizimodua ikusi ahal izateak etorkizunari buruzko erabakia hartzeko suposatzen duen laguntza nabarmendu dute ikerketa kooperatiboan aritzen den zentroan. Ikasleek egiten duten balorazio ona aipatu dute, batez ere, esperientziak aukera ematen dielako modu teorikoan jasotako ezagutza hobeto ikusi eta ulertu ahal izateko.