GAUR8

‘Konekta ideiak’ deialdiak oinarri teknologikoko proiektu berritzaileak bilatzen ditu Bilboko gazteen artean

Gizartean eragina duten gazteen proiektu teknologikoak laguntzeko deialdia zabaldu du Bilboko Udalak ‘Konekta ideiak’ programaren bidez. 16 eta 30 urte bitarteko bilbotarrentzat da, eta proposamenak itzulera sozialean jartzen du fokua.

Deialdia 16 eta 30 urte bitarteko bilbotarren proiektuak lagunzezra zuzenduta dago.
Deialdia 16 eta 30 urte bitarteko bilbotarren proiektuak lagunzezra zuzenduta dago. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Martxoaren 10era arte gizartean eragina duten oinarri teknologikoko egitasmoak aurkeztu ahal izango dituzte Bilboko gazteek ‘Konekta ideiak’ deialdiaren barruan.

Bilboko Udalak antolatzen du ekimena, Lakuako Gobernuarekin lankidetzan, eta berrikuntzaren kultura sustatu eta «balioa eta itzulera soziala» duten proiektuak bultzatzea ditu helburu.

16 eta 30 urte bitarteko bilbotarrentzako deialdia da. Proposamenak banaka edo taldean aurkez ditzakete, baina azken kasu horretan, Bilbon erroldatutako pertsona bat egotea eskatzen da. Proiektuek teknologia erabili behar dute eta gizarte-eragina izan behar dute Bilboko auzoren batean edo, oro har, hiri osoan.

Deialdiak ez ditu baztertzen beste laguntza ekonomiko batzuk jasotzen dituzten proiektuak, betiere gainfinantzaketarik ez badago, eta proiektuen garapenak abenduaren 31 baino lehen egon behar du amaituta.

Aukeratutako proiektuak garatzeko, coworking gune bat erabili ahal izango dute La Perrera enpresaren instalazioetan, Sabino Arana kalean, eta ekipamendu horren Makergunean eskuragarri dauden materialak, ekipoak eta erremintak erabili ahal izango dituzte.

Epaimahaiaren aurreko aurkezpena

Epaimahai baten aurrean aurkeztu beharko dituzte egitasmoak, eta epaimahaiak berak ekimena edo aurrekontua epe jakin batean birformulatzea proposatu ahal izango du, zehaztu dutenez.

Epaimahaiak ezarritako irizpideen arabera puntuatuko ditu ideiak (proiektuaren bideragarritasuna, lankidetza-izaera edo udalerrian duen gizarte-eragina, besteak beste), eta puntuazio handiena lortzen dutenak hautatuko ditu, guztira ezarritako aurrekontu-zenbatekoa (15.000 euro) gainditu gabe.

Deialdian parte hartzeko, BilbaoGazte udal webgunean eskuragarri dagoen formulario bat bete behar da, eta inprimaki hori ideiakmartxan@bilbao.eus posta elektronikora bidali.