GAUR8

Hamabost enpresa ari dira lanean Getxoko ekintzailetza zentro berrian

Getxo Sormen Hub sormena, ekintzailetza eta kultura sektorea bultzatzeko espazio berriak eskaintzen dituen 22 postuetatik 15 bete dira jada. Pertsona bat edo bi buru dituzten mikroenpresak dira gehienak, Udalak jakinarazi duenez.

Getxophoto festibala, irudian.
Getxophoto festibala, irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Dituen 22 postuetatik 15 bete ditu jada Getxo Sormen Hub sormen eta kultura sektoreari lotutako proiektu eta enpresentzako zentro berriak. Urgull Zentroan kokatuta, berrikuntza gune bat sortzea eta sektorea profesionalizatzen laguntzea dira finkatutako helburu nagusiak.

«Lan egiteko, lankidetzan aritzeko, proiektuak abian jartzeko eta udalerrian eragin positiboa sortzeko aukera espazioak eraikitzen joatea da helburua», zehaztu du Amaia Agirre Getxoko alkateak. Sarea egitearen garrantzia ere nabarmendu du udal mandatariak.

Espazio horretan tokia aurkitu duten egitasmoen %87 sormenaren sektorekoak dira. Tipologiari dagokionez, diseinua eta publizitatea, sormena, bideo-jokoak, ekitaldiak edota soinuarekin lotuta daude, eta %40ean emakumeak dira buru.

Mikroenpresak dira gehienak (%90 baino gehiago). Proiektuen izaera kontuan hartuta, bakardadea, ekiteko zailtasunak edota lankidetzan aritzeko beharra dira egitasmoak jorratu nahi dituen alderdietako batzuk.

Formatu malguko lanpostuak

Gogoratu dute, bestalde, eskuragarri daudela proiektu berrietarako eska daitezkeen formatu malguko zazpi lanpostu. Informazioa Getxoko webgunean eta getxosormenhub@getxo.eus posta elektronikoaren bidez eskura daiteke.

Lanpostu horien lagapenerako aurkeztutako ekimenen eta talde sustatzailearen kalitatea, bizilekua, berrikuntza, emakumeen lidergoa eta sormen sektorearekin duen lotura bezalako irizpideak hartzen dira kontuan, azaldu dutenez.

Azpimarratu dute, era berean, sektorea profesionalizatzeko ekintzak, aholkularitza, prestakuntza eta programa ezberdinak antolatzen direla «sektoreko enpresak sendotzen laguntzeko».

Egitasmoa, halaber, Zahartze Aktiboaren udal arloarekin elkarlanean ari da. «Laster argia ikusiko duten bi proiektu» nabarmendu dituzte: ekintzailetza Silver Economyn, Bilboko Udalarekin eta SSI taldearekin lankidetzan; eta belaunaldien arteko ekintzailetzako podcast bat, Begoña Beristain kazetariak gidatuta.