GAUR8

Ideia lehiaketa bat deituko dute Kexaako Monumentu Multzoaren erabilera erabakitzeko

Ideia lehiaketa bat deituko du Arabako Diputazioak Kexaako Monumentu Multzoa nabarmentzeko. Erdi Aroko multzoa eskualdearen elementu dinamizatzaile eta eragile gisa proiektatzen duten ideiak bilatzea da asmoa.

Kexaako Erdi Aroko multzo arkitektonikoa, irudian.
Kexaako Erdi Aroko multzo arkitektonikoa, irudian. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Kexaako Monumentu Multzoari balioa eman ahal diezaioketen proiektuen bila, ideia lehiaketa baterako deialdia prestatzen ari da Arabako Foru Aldundia.

«Dagoeneko lanean ari gara ideia lehiaketa bat diseinatzeko, Monumentu Multzoak Eskualdearen elementu dinamizatzaile eta eragile gisa balio beharko duen prozesu batean lehen urrratsak eman ahal izateko», adierazi du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak.

Erantsi duenez, Ama Domingotarren Kongregazioaren jabetzako higiezinen erosketak multzoa dinamizatzeko plan integral bati ekiteko aukera ematen du.

Pasa den abenduan gauzatu zen erosketa, 2,69 milioi euroan, Aiararren Dorretxe Jauregia, San Juan Bataiatzailearen komentua, Adatsetako Ama Birjinaren kapera dorrea, apaizetxea eta beste eraikin batzuk Diputazioaren jabegora pasatuz.

Higiezinen azterketa, lehen urratsa

Behin eskritura publikoa gauzatuta, emango diren hurrengo urratsez epe labur eta ertainerako estrategia aipatu du foru gobernuak. Lehenengo neurri gisa elementu bakoitzaren egoeraren azterketa teknikoa egingo du Aldundiak, urgentziazko kontserbazioa ziurtatzeko konponketarik behar duten ikusteko. Horren ondoan, eraikinak ebaluatzeko plan bat egingo dela zehaztu dute.

Era horretara, beharrezkoak diren jarduketak egin nahi dituzte hurrengo hilabeteetan Kaperan, Aiarako jaun-andreen eta familiaren hilobietan eta Dorrean bisitak hartu ahal izateko. Urtea amaitu baino lehen irekitzea da asmoa, Gonzalezen esanetan.

Eraikinez gain, Elizbarrutiko Arte Museoan dauden arte lanak berreskuratzeko lanei ekingo dietela aurreratu dute, Kexaara itzuli eta jatorrizko kokalekuan ikus daitezen.

Aiara udalerriko Kexaa herrian kokatuta, 2002. urtean izendatu zituzten monumentu multzo higiezin historikoak.