GAUR8

Doktorego-tesi batek irakaskuntzan eleaniztasunaren inguruan dauden usteak eta erronkak aztertu ditu

Euskara eta eleaniztasunaren inguruan hezkuntza munduan dauden usteak eta erronkak testatu ditu Mikel Gartziarena EHUko ikertzaileak bere tesi-ikerketan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.

Ikasleak gelan, artxiboko irudian.
Ikasleak gelan, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Eleaniztasuna eta irakaskuntza metodologiaren azterketa uztartu ditu Mikel Gartziarena irakasle ikertzaileak bere tesi-ikerketan. Ez dira, halere, ekuazioko osagai bakarrak. Irakaskuntzan diharduten profesionalen artean gaiaren inguruan dauden usteak eta finkatuta dauden erronkak testatu ditu lanak.

Ikerketaren inguruan, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen artean egindako esplorazioa eta parte hartze handia nabarmendu ditu UPV/EHUk ohar batean, baita jasotako ondorioak ere. Gartziarenak berak azaldu duenez, «erro sakonak dituzte euskararen aldeko uste eta jarrerek, eta irakasleek eleaniztasunarekiko abegikortasuna dute euskara baldin bada ardatz».

Ikerketan 1.110 lagunek hartu dute parte. Horietatik 418 jardunean ari diren Haur eta Lehen hezkuntzako irakasleak ziren, Haur eta Lehen Hezkuntza graduetako 564 ikasle eta Hezkuntza graduetako 111 unibertsitate-irakasle.

Zehaztu dutenez, lau talde-elkarrizketa egin dira, Hego Euskal Herriko lurralde bakoitzeko bana. «Emaitzak hegoalde osoan komunak dira, eta ondorio esanguratsuak bildu ditu euskararekiko», esan du Gartziarenak. Euskara ardatz gisa hartzearen aldeko jarreraren ondoan, metodologiaren atalean erakutsitako kezka ere jasotzen du lanak.

Erabilerarekin «tematuta»

Gartziarenak berak aipatu du «kezka handia» sumatzen dela euskararen irakaskuntzan erabilerarekin, «tematuta» daudela irakasleak horrekin, erabilera hauspotzeko estrategiekin.

«Hizkuntza ororen mintzamena lantzen lagunduko dieten metodologien aldarria egiten dute», erantsi du EHUko Hezkuntza, Fiolosofia eta Antropologia Frakultateko DREAM ikerketa-taldeko kideak.

Ezagutzatik ahozkorako eta erabilerarako jauzi horretan gidaritza, baliabideak eta formazioa falta dituztela diote profesionalek. Era berean, metodologia modernoen aldekoak badira ere eta «ikuspegi komunikatibotik edaten» badute ere, onartzen dute nahi baino gehiago erabiltzen dituztela metodologia tradizionalak.

Nabarmendu dutenez, ikerlanean «osagai aproposak» identifikatu dira jardun eleaniztunetan eta ahozkotasunean oinarritutako metodologietan trebatzeko, «etorkizunari begira euskal hezkuntzan lagungarri izan daitezkeenak».