GAUR8

Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzako «atseden zerbitzua» Galdakaon

“Atseden zerbitzua” jarri du abian Galdakaoko Udalak mendekotasuna duten pertsonekin bizi diren zaintzaileei zuzenduta. Astegunetan emango da prestazioa, eta bi eta sei orduko tarteak eskaintzen ditu, 8.00etatik 22.00etara.

Mendekotasuna duten pertsonen zaintza lanetaz arduratzen diren familiako kideei zuzenduta dago udal zerbitzua.
Mendekotasuna duten pertsonen zaintza lanetaz arduratzen diren familiako kideei zuzenduta dago udal zerbitzua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Galdakaoko Udalak mendekotasuna duten pertsonekin bizi diren eta haien zaintzaz arduratzen diren senideei zuzendutako “Atseden zerbitzua” jarri du abian. «Arretarako sare naturala osatzen duten zaintzaileei laguntza ematea» du helburu, eta aldi berean, etxetik kanpo unean uneko jarduerak egiteko denbora izan dezaten ahalbidetzea.

Ohar batean udal Gobernu taldeak zehaztu du «zaintzaileari zaintzaz bestelako gauzetarako denbora izateko aukera» ematen zaiola zerbitzuaren bidez.

Atsedenerako ordu batzuez gozatzeko aukera ematea da gakoa, azpimarratu dutenez. Denbora hori urtea bukatu bitarte emango dela argitu dute.

Bi eta sei orduko tarteak

Astelehenetik ostiralera, 8.00etatik 22.00etara doan tarte horretan bi eta sei ordukoak izan daitezke eskatutako atsedenerako denborak, jaiegunetan izan ezik.

Familia zaintzaileentzat eta Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako mendekotasuneko arrisku egoeran dauden pertsonekin edo mendekotasuna duten pertsonekin bizi diren kideentzat da zerbitzua, baldin eta egoitza arretako erabiltzaileak ez badira, esplikatu dutenez.

Doakoa da zerbitzua eta jasotzeko eskaerak ESAN herritarren arretarako bulegoan aurkez daitezke, baita gizarte zerbitzuetan eta egoitza elektronikoaren bidez ere.