Nerea Goti

Tortilla dastatzaile baten ofizioa eta afizioa lehen pertsonan kontatuta

Bilbon dasta daitezkeen tortilla onenetako batzuk gomendatzen ditu @tortibilbo Instagrameko kontuak. Hura elikatzen duen gaztearengana jo dugu, pintxo on baten sekretua non dagoen deskubritu nahian, eta propio egin du dastaketa GAUR8rako, larunbateko kronikaren aperitibo gisa.

Osasun arazo batekin hasi zen afizioa hazten joan da herriko lagunen gomendioa jarraituz, eta dagoeneko Bilboko tortilla onenen erreferentziazko euskarri bat da jarraitzaile ugarirentzako.

Ez da lanbidea baina zereginaren atzean nolabaiteko ofizio bat dago, alegia, urrats batzuk jarraitu behar dituen prozesu bat, eta horretaz ere hitz egin du Arrankudiaga-Zolloko gazteak.

Osagaiez, tenperaturaz eta sukalde askotan gordetzen duten ukitu magiko horretaz hitz egin dugu pasa den urtean 150 erreseina inguru egin zituen gaztearekin.

Aurten beste ehun inguru egiteko asmoa du, eta bere esperientzia ez da Bilbora mugatzen, inguruko euskal hiriburuetako hainbat tortilla probatu baititu, batez ere Donostian eta Gasteizen, zertxobait gutxiago Iruñean.

Ibilbide jantzi horretan oinarrituta, sukalde batzuetan ezagututako sekretu batzuk partekatu ditu GAUR8rekin. Batzuek gorringo gehiago botatzen diote, beste batzuek patata zehatz batzuk erabiltzen dituzte, zatitzeko era berezi bat jarraitzen dute hainbatetan, beste batzuek esnea edo esne-gaina botatzearen aldekoak dira... kontatu duenez.

Euskal Herrian eta kanpoan aurki daitezkeen patata tortilla pintxoez hitz egin du, eta busti da, betiere bere iritzia dela azpimarratuz.

Anonimotasuna gordetzea da eskatu duen gauza bakarra, eta arrazoi bat dago. Azaldu duenez, nahiago du ezagutua ez izatea horrek dastaketan eraginik izan ez dezan. Erreseinetan ez du bakarrik zaporeaz hitz egiten, pintxoaren tamaina, prezioa eta giroaren inguruko aipamenen bat egiten du, zerbitzu orokorraren nolabaiteko balorazioa eskainiz. «Ezagutzen bazaituzte eskaintzen duten zerbitzu hori alda daiteke», zehaztu du.