GAUR8

Etiopiako errealitate gordinaren testigantza Angel Olaran misiolariaren ahotik, ostiralean Donostian

Etiopiako Tigray zonaldean ahaztutako gerra batek utzi duen krisi humanitarioaren berri emango du Angel Olaran misiolari hernaniarrak, ostiralean Donostiako Aquariumean. Hango errealitatea eta Olaranek sortutako proiektua lehen pertsonan ezagutzen duten beste parte hartzaile batzuk izango ditu topaketak.

Angel Olaran, hiztaldiko parte hartzaileetako bat den Maider Arostegiren ondoan, artxiboko irudian.
Angel Olaran, hiztaldiko parte hartzaileetako bat den Maider Arostegiren ondoan, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Etiopian, eta zehazki Tigrayko zonaldean, bizi den errealitate gordina azalduko du Angel Olaran misiolari ezagunak ostiralean, Donostiako Aquariumean izango den topaketa batean.

Azken bi urteetan 600.000 hildako baino gehiago utzi dituen gerra hori izango du hizpide helburu bikoitzarekin, gerra ahaztu eta ezezagun hori ezagutzera ematea eta Wukro duen misioarentzako diru funtsak bilatzea.

Olaranen kontakizunaren ondoren, solasaldi bat izango da Nuria Ruiz Cabestany, Maider Arostegi eta Regat Lularen parte hartzearekin.

Aurrerapen gisa azaldu du Olaranek «kontzientzia sortzea» dela topaketaren helburu nagusietako bat. Zehaztu duenez, bi urteko gerra gordinaren ondoren bere errausketatik altxatzen ari den eskualdea da Tigray. Nabarmendu duenez, zailtasunen gainetik hango jende eta buruzagien artean herrialdea berreraikitzeko lasaitasuna eta konpromisoa sumatu daiteke, «Tigray bat eginda dago».

Gogoratu du zazpi milioi biztanle dituen herrialdea erasotua izan zela 2020ko azaroan. 110 milioi biztanleko poblazio batetik sortutako sei armadak burutu zuten eraso hori.

Milaka hildako, zerbitzuen itxieraren ondorioz

«2021eko ekainaz geroztik, eskualdeko eta nazioarteko mugek itxita jarraitzen dute: bankuak, elikagaiak, garraioa, telefono bidezko komunikazio elektronikoa, errepideak. Funtzionarioek: irakasleek, medikuek, 21 hilabete daramatzate soldatarik jaso gabe», esplikatu du euskal misiolariak. Erantsi duenez, zerbitzuen itxierek milaka hildako eragin ditu. Kalkulu kontserbatzaileen arabera, 600.000 zibil kalean erailak izan dira, eta milaka dira krudelki bortxatuak izan diren emakumeak, haur eta adinekoak barne.

«Eta, gaur egun, ezinezko eginkizun baten aurrean gaude: pertsonako eta eguneko euro bat lortzea tigreen eguneroko elikadura ziurtatzeko, gaur egun gerren eta lurrikaren ondorioak pairatzen dituzten gure anaien mahaietatik erortzen diren apurrekin konformatzen garenean», planteatzen du Olaranek.

Olaranen testigantzaren ondoan, Nigusse Euskal Herrian bizi den etiopiarraren bizitza esperientziak ardatz duen ‘Toda una vida en el mundo’ dokumentala aurkeztuko du Ruiz Cabestanyk.

Hainbat urtetan Olaranen ondoan lan egin eta adimen urritasuna duten umeentzat garagune bat aurrera eramaten lagundu zuen Maider Arostegi alegiarrak ere hartuko du parte topaketan, Tigrayko jendearekin dituen harremanen bidez jasotzen duen informazioa partekatuz: «Gosea gerra-arma gisa erabiltzen ari dira. Egoera oso kritikoa eta latza da».

Regat Lula Wukrok ST Maryko misioan ezagutu zuen Olaran, bertan ikasten baitzuen. Berak familia zuen, misiolariaren babesean bizi ziren beste umezurtz askok ez bezala, zehaztu dutenez.

Gogoratu dutenez Olaranek duela 16 urte sortu zuen jangela solidarioak ospe handiko euskal sukaldarien laguntza izan zuen. Egun, adin txikiko 500 umezurtz eta adineko 300 lagun ingururen aterpe da proiektua. Gipuzkoako Medicus Mundi elkartearen laguntzarekin.