GAUR8

Amaren obesitateak fetuan izan dezakeen eragina ikertu dute

Haurdunaldiaren hasieran amak duen gorputz-masaren indizeak plazentaren eredu molekularrean izan dezakeen eragina aztertu du ikerlan batek, metilazio mekanismoan zentratuta.

Jose Ramon Bilbao Catala eta Nora Fernanez Jimenez ikerlariak, irudian.
Jose Ramon Bilbao Catala eta Nora Fernanez Jimenez ikerlariak, irudian. (Laura LOPEZ | EHU)

Amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak duen eragina ikertu du ‘Communications Biology’ aldizkarian argitaratu den azterlan batek.

Plazentako DNAren metilazioan (karbono batez eta hiru hidrogenoz osatutako talde baten adizioa DNA molekularen posizio jakin batean)» zentratu da ikerketa, eta metilazioari buruz egin den azterketarik handiena da. Azterlanean, EHUko eta Biocruces-Bizkaia Ikerketa Institutuko zientzalariek hartu dute parte.

Sekuentzia aldatu gabe gene-adierazpena erregulatzen duen DNAren aldaketa bat da metilazioa. Ikerketa berrien arabera, «umetokiaren barneko giroaren eta fetuaren genomaren arteko zubia» da metilazioa, azaldu du Nora Fernandez Jimenez EHUko Medikuntza Fisiko eta Fisiologia saileko ikertzaileak.

Gogoratu duenez, plazenta ezinbesteko organoa da fetuaren hazkunde eta garapenearako, haren bidez elikatzen baita.

Lanean, DNAren metilazioan aldaketak hautematen diren 27 leku identifikatu dituzte, «guztiak ere plazentaren espezifikoak diruditenak», adierazi du Fernándezek.

Obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil

«Identifikatutako leku horietako asko obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil daude, eta minbiziaren eta oxidazio-estresaren bide metabolikoz aberastuta daude. Horrek ez du esan nahi obesitate-arazoak dituzten amengandik jaiotako haurrek minbizia izango dutenik, baina egia da plazentak tumore baten antzeko jokabidea duela, oso bizkor hazten baita, eta horrek pentsarazten digu obesitateak baduela eraginik plazentaren funtzionamenduan eta fetuaren hazkundean», azaldu du Fernandezek.

Zehaztutakoaren arabera, emaitzek iradokitzen dute plazentako DNAren metilazioa izan litekeela amaren obesitatea eta haurtzaroko osasun metabolikoaren arazoak lotzen dituen mekanismoetako bat. Hala ere, EHUko ikerlariak ohartarazi du ikerketa gehiago egin beharko direla aurkikuntza berresteko.

«Gure ikerketaren emaitzak zilegiak izan arren, ez lirateke erabili behar amaren erruaren mantra justifikatzeko; izan ere, oso zaila da kuantifikatzea zenbaterainoko eragina duten amek eta haien ezaugarri eta portaerek fetuaren eta jaioberriaren inguruko beste faktore batzuen aldean (hala nola amen gurasoak edo bikotekideak, familiak, gizartea bera eta ingurumena), faktore horiek inoiz ez baitira hain sakonki ikertu», nabarmendu du Fernandezek.