GAUR8

Gizartean adikzioez dagoen pertzepzioa aztertuko du AERGIk hitzaldi batean

Adikzioei buruz dagoen giza-pertzepzioa eta horrek erreabiltazio prozesuan dauden pertsonengan duen eragina aztertuko dute astelehenean AERGI elkartearen gela irekian. Streaming bidez jarraitu ahal izango da webgunean.

Gizartean adikzioei buruz dagoen pertzepzioa aztertuko du AERGIk astelehenean.
Gizartean adikzioei buruz dagoen pertzepzioa aztertuko du AERGIk astelehenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Gizarte-pentsamendu nagusia eta mendekotasuna’ titulupean, adikzioen inguruan gizartean dauden pertzepzioetara hurbildu eta horiek adikzioa duten pertsonengan duten eragina aztertuko du AERGI elkarteak astelehenean (hilak 6) Lasarte-Orian egingo duen hitzaldian.

Josean Fernandez elkarteko presidentea eta prebentzioan eta drogomenpekotasunean aditua izango da hizlaria.

Topaketaren aurrerapen gisa, elkarteak azaldu du kalean dagoen pertzepzio nagusia dela mendekotasuna duten pertsonak «amaitu gabeko pertsonak» direla. Une zehatz batean okerreko erraia hartu eta lasaialdiaren eta gehiegizko kontsumoaren «bide erraza» hartu duten pertsonak direla uste da askotan, nabarmendu dutenez.

«Legezko substantzien kasuan (alkohola, jokoa edo zenbait medikamendurekin, adibidez), guk zikintzen dugu substantzia, gaiztoak gu gara, ez bera», esan du Fernandezek.

AERGI elkarteko presidenteak zehaztu duenez, droga ilegalen kasuan giza-pertzepzioa da pertsona dela substantziaren biktima; baina droga legalen kasuan, substantzia da adiktoaren biktima, gainontzeko pertsonei horrek ez dielako min ematen. «Gizartea epaile eta parte bihurtzen da», adierazi du.

Gaur egun gizarteak ez du uste adikzioa gaixotasuna dela, Fernandezen esanetan, baina gizarteak ulertu behar du gaixo dagoen pertsona baten atzean segurtasuna bilatzen duen pertsona bat dagoela, «gaixotasunaren preso den pertsona ahul» bat. «Horrek badu konponbidea, baina horretarako, koma etiliko, gaindosi edo jokoagatik dauden suizidioetatik harago komunikatu eta infomatzeko beharra dago», aipatu duenez.

Hitzaldia Lasarte-Orian izango da, elkartearen egoitzan, 19.30ean, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da AERGIren webgunean.