GAUR8

Emakumezko zientzialariek akademikoak izatera heltzeko probabilitateak aztertu dituzte

Emakumeek akademikoak izatera heltzeko izan dituzten probabilitateak aztertu dituzte. Bi kasutan, azken urteetan emakumeen aldeko lehentasunezko tratu bat ikusi dute. Nabarmendu dutenez, horrek ez du esan nahi estandar baxuagoekin sartzen direnik, baizik eta paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela».

Nagore Iriberri EHUko Ikebasque irakaslea.
Nagore Iriberri EHUko Ikebasque irakaslea. (UPV/EHU)

Zientziaren munduan akademikoen hautaketan izan den diskriminaziora hurbiltzen ari dira zenbait ikerlan. EHUk ohar batean gogoratu du historikoki zenbait akademiatan gizonezkoak zirela hautatzen zituzten kide berri gehienak. Ikerlan berri batek hautaketa horiek aztertu ditu, eta zenbaitetan emakumeen aldeko aurrerapausoak ikusi ditu.

Emakumezkoen ordezkaritzan alde handiak dituzten ekonomia, psikologia eta matematika bezalako jakintza arloetan zentratu da Nagore Iriberri EHUko Ikerbasque irakasleak lankidetzan egindako ikerlana, akademikoak hautatzean izan den genero arrakalaren azken 60 urteko bilakaera aztertzeko.

«Hiru alor horietako aldizkari zientifiko nagusietako argitalpenetatik abiatuz, jardunean dauden akademikoen zerrendak egin ditugu, eta zenbait eredu sortu ditugu duela 60 urtetik gaur egun arte NAS eta AAAS akademietako kide gisa emakumeak hautatzeko probabilitatean izan diren aldaketak alderatzeko, argitalpen eta aipamen kopuruak kontuan hartuta», azaldu du.

Ondorioztatu dutenez, «duela 60 urte emakumezkoek probabilitate txikiagoa zuten akademiko gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen eta aipamen historiak zituzten gizonezkoen aldean. 90eko hamarkadan, bi akademietako hautaketa prozesua gutxi-asko neutroa zen, generoaren ikuspegitik. Eta azken hogei urteetan, emakumezkoen aldeko lehentasun positiboa hautematen da hiru arloetan».

Hala ere, gogoratu du bi akademia horietan, ekonomian eta matematikan, emakumezkoen ordezkaritza ez dela %50era iristen.

Ikusgarritasuna ematea

Ikerketan ez dituzte aztertu zer mekanismoren bidez gertatzen den hori, «ez baitira prozesu gardenak». «Guk ikusi dugu nork lortu duen akademian sartzea eta nork ez», zehaztu du ikertzaileak, horren atzean hainbat arrazoi egon daitekeela aipatuz. Adierazi du gerta daitekeela hamarkadetako diskriminazioaren ondoren akademiek orain emakumeei lehentasuna eman nahi izatea edo haien ordezkaritza handitu nahi izatea edo ikusgarritasuna eman nahi izatea, «belaunaldi berriek eredu gisa izan ditzaten».

Ikertzailek azpimarratu dute, bestalde, emakumezkoei lehentasuna emateak ez duela esan nahi «emakumeak estandar baxuagoekin sartzen direnik akademian, baizik eta paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela: badago nolabaiteko borondate bat emakumeen ordezkaritza handitzeko».