«Indarkeria matxistak: Sareko esku-hartzea» graduondokoa eskainiko du EHUk

«Indarkeria matxistak: Sareko esku-hartzea» graduondokoa eskainiko du EHUk. Teoria feminista oinarri hartuta, emakumeen aurkako biolentziaren tipologia guztiak, horien kausak eta jatorria aztertuko ditu titulazioak, norberaren lan introspektibotik hasita.

Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioa Bilbon, artxiboko irudian.
Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioa Bilbon, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EHUk datorren ikasturterako plazaratu duen graduondoen eskaintzaren barruan, indarkeria matxisten gaineko ulermen eta ezagutza teoriko-praktikoak ematea helburu duen «Indarkeria matxistak: Sareko esku-hartzea» izeneko unibertsitate espezializazioa dago.

Teoria feministan oinarrituta, indarkeriaren jatorrian, kausetan, egituretan eta tipologietan sakonduko du graduondokoak. EHUk berak nabarmendu duenez, «ikastaro bakarra da emakumeen aurkako indarkeriaren tipologia guztiak ikuspegi teoriko-praktikotik jorratzen dituena», eta «era berritzailean txertatzen du gorputzaren lanketa, jardun profesionala hobetzeko tresna gisa».

Egoera zaurgarrian dauden emakumeen ahotsa

Graduondokoaren gaineko informazioan titulazioak indarkeria matxisten eta emakumeen gizarte bazterkeriaren arteko lotura era berritzailean jorratuko duela nabarmendu du unibertsitateak eta formakuntzaren ikuspegi intersekzionalean jarri du bereziki azpimarra. Izan ere, «bereziki zaurgarriak diren kolektiboetako emakumeen» ahotsa aipatzen du, «graduondokoan irakasle baitihardute».

Titulazioaren hiru helburu nabarmendu dituzte, horien artean «indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jardun profesional, kontziente eta informatua» bultzatzearekin lotutakoa, baina baita biktima izan diren emakumeei begirakoa ere, «laguntza emateko gakoak» eskaintzeko; «genero ikuspegian oinarrituta eta interseksionalitatea kontuan hartuta, beren errekuperazio prozesuak bultzatzeko, eskubideak berreskuratzen laguntzeko eta erreparazioa bilatzeko».

Prebentzioaren arloan, bestalde, gizonei «bidelaguntza emateko tresnak eskuratzeko aukerak erraztea» eta «jokabide bortitzak goiz atzemateko gakoak ematea» proposatzen du ikastaroak. Lan instrospektiboak ere pisua izango du, talde lanetik abiatuta esperientzia propioa berreraikitzen hasteko.

Graduondokoak berak azpimarratzen duenez, lehentasuna izango du problematika sozialaren ikerketak, «arazoaren erroak erabat desagerrarazte aldera».

Bizkaiko Zuzenbide Fakultatean eskainiko da titulazioa, urritik ekainera. Guztira 30 plaza ditu, eta modalitate erdi-presentzialean eta gaztelaniaz eskainiko da, 1.700 euroren inguruko prezioan, EHUren informazioaren arabera. Aurreinskripzioa ekainaren 30era arte egongo da zabalik.