GAUR8
Gaur X urte

Zinemaren olatu berriaren gidaria, Agnes Varda

Gaur 95 urte jaio zen Arlette Varda, Anges Varda izen artistikoz ezaguna. Aitzindaria izan zen, bai zineman, baita beste arlo askotan ere. 2017an Donostia Saria jaso zuen.

Agnes Varda Donostian, 2017an. (Gorka RUBIO /FOKU)
Agnes Varda Donostian, 2017an. (Gorka RUBIO /FOKU)

Ixellesen jaio zen, Bruselan, 1928ko maiatzaren 30ean. Arlette Varda familia kosmopolita batekoa zen, greziarra zuen aita eta ama, frantsesa. Artearen Historia ikasi zuen Parisko École du Louvre-n, museo famatuaren hegal batean kokatzen den eskolan. Eta hiriburu frantseseko Herri Antzoki Nazionaleko argazkilari ofizial gisa hasi zuen bere ibilbidea.

Gaixotasun terminal bat zuen lagun batek jarri zuen Varda, nahi gabe, zinemaren aukeraren aurrean. Sète herri arrantzalea ezagutu nahi zuen lagun horrek, baina horretarako aukerarik ez zuenez, argazkiak egiteko eskatu zion Agnes Vardari. Vardak pentsatu zuen, aldiz, ilusio handiagoa egingo ziola herrixkan film bat grabatzeak. Horrela sortu zen ‘Le Pointe Courte’, denbora luze baten ostean emaztearekin berriz ere elkartzen den gizon baten istorioa.

Zinta 1955ean filmatu zen, Claude Chabrolen ‘Le beau Serge’ baino hiru urte lehenago, eta François Truffauten ‘Les quatre cents coups’ baino lau urte lehenago. Haiekin batera goratuko zen Ixelleseko emakumea Estatu frantseseko Nouvelle Vaguera.

Hainbat film laburren ondoren, bere lehen luzemetraia zuzendu zuen. Adituek maisulantzat hartu zuten ‘Cléo de 5 à 7’. Eta beranduago beste asko zuzendu zituen, tartean, ‘Sin techo ni ley’.

Varda aitzindaria izan zen zentzu askotan. Gizonezko mundu batean bere zinema egin zuen, eta oihartzun mediatikoa feminismoaren alde egiteko baliatu zuen: 1971n, ‘Manifiesto de las 343’ manifestua sinatu zuen abortua legeztatzeko, eta 2018an, Cannesen, zinemako beste emakume handi batzuekin batera, sektorean berdintasuna eta benetako aniztasuna eskatu zituen.

2017an Donostia Saria jaso zuen Agnes Vardak, 2018an elkarrizketa hau eman zion GARAri eta 2019ko martxoaren 29an hil zen, Parisen, 90 urte eta motxila bete filmekin.