GAUR 8
Gaur X urte

25 urte bete dira Ina Zeberio, Ertzaintzaren operazio batean, hil zutenetik

Orain dela 25 urte, Ertzaintzaren ETAren ustezko ‘Bizkaia’ komandoaren aurkako polizia-operazio batean, Ina Zeberio euskal militantea hilda suertatu zen. Gorpuak eskuburdinak jarrita zituen; eta 13 tiro-talka eta 28 zulo zenbatu zizkioten. Bertsio ofizialaren arabera, Zeberiok bota zuen lehen tiroa.

 

Kontxi Zeberio (eskuinean), ahizparen argazkiarekin 2015ean. Ondokoa, Gaizka Gaztelumendiren senidea da. Ez dituzte onartzen biktimen senideak legez.
Kontxi Zeberio (eskuinean), ahizparen argazkiarekin 2015ean. Ondokoa, Gaizka Gaztelumendiren senidea da. Ez dituzte onartzen biktimen senideak legez. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ina edo Inaxi Zeberio Arruabarrenak 35 urte zituen 1998ko ekainaren 5ean Ertzaintzaren eliteko indarrak Gernikako Pablo Picasso kaleko 11. zenbakiko etxebizitzetako batean sartu zirenean. ETAren ‘Bizkaia’ komandoa desegiteko irekitako operazio hartan, Ina Zeberio suertatu zen hilik gutxienez susmagarriak jo daitezkeen baldintzetan.

Hemen datuak: Goizaldeko ordu bi eta erdiak, Ertzaintzako indar bereziek kontrolpean zuten etxe bat erasotu zuten. Bertan lo zeuden Ina Zeberio lizartzarra hilik atera zen –autopsian bala-zulo anitz zenbatu zizkioten– eta bere bi kideak, Patxi Markez Zelaia eta Iñaki Bilbao Gaubeka, atxilotu egin zituzten. Azken honek hainbat haustura izan zituen etxebizitzaren barruko patiora jauzi egitean, ihes egin nahian.

Juan Mari Atutxak, garaiko Barne Saileko sailburuak berak onartu zuenez, aspaldidanik zuten komandoa kontrolpean. Halere, agenteek beren indar guztia erabiltzea erabaki zuten. 2000. urtean, Gernikako epaitegiak bi urte lehenago Gernikan izandako gertakari susmagarri haiek artxibatu zituen. Bertsio ofizialak, beraz, Lakuako Barne Sailaren lehen bertsioari eutsi dio; hau da, Ina Zeberiok hiru aldiz tiro egin zuela lehenbizi, eta poliziek erasoari aurre egitea baino ez zutela egin.

«Inaren gorpuan 13 bala-talka zeuden eta 28 inpaktu kontatu zizkioten», Kontxi Zeberioren hitzetan. Gorpuak, gainera, eskuburdinak jarrita zituen. Militantearen arreba da Kontxi eta familiak hainbat zalantza ditu bertsio ofizialaren inguruan. Aipatzen duenez, begi bistakoa zen aurretik geldiarazi ahal izan zituztela komandoko kideak, beren bizitzekin bukatu gabe. Bere kasuan, Juan Mari Atutxak «bideo bat erakutsi zuen Inari jarraipenekin, eta esan zuen abendutik atzetik zebiltzala», gogora ekartzen duenez.

Bi urte geroago, Joseba Permach HBko Mahai Nazionaleko koordinatzaileak, aitortu zuen Ina Zeberio hil zuten egun berean, HBko Mahai Nazionalak bilera bat zuela EAJko ordezkariekin. Zalantza askoren artean, bilerarekin aurrera egitea erabaki zuten. Gernikako gertakariak Lizarra-Garaziko Akordioa aurkeztu baino hiru hilabete lehenago gertatu ziren, hau da, ETAk su-eten aldebakarrekoa eta mugagabea ezarri zuen bezperetan. 

Ina Zeberio Orexan jaio zen, baina sei urte zituenetik Lizartzan bizi zen. Emakume ixila baina oso sentibera –«zeruari so eginez, gauetan izarrak begiratzea maite zuen»–, ostalaritzan lan egin zuen hainbat tabernetan Donostian. Sukaldaria izan zen ere ‘Egin’ egunkariko jatetxean.

Nikaraguan, brigadista legez, eman zituen lau hilabeteak eragin handia izan zuten berarengan. Santa Rosa izeneko kokalekuan, pobreziak gogor zigortutako eremu batean, gertutik ikusi zuen miseria. Urtero gogorarazten da emakume goxo honen memoria Lizartzan ezarri zioten monolitoan.