GAUR8

Udako gau bat Sarrian, gaueko tximeletak ezagutzeko

Uztailarekin hiru proposamen berri heldu dira Arabako parke naturaletara, habitat horien protagonistengana hurbiltzeko. Egitaraua gauez egingo den jarduera batekin hasiko da, gaueko tximeleten munduan sakontzeko.

Sarriako parkean gaueko jarduera antolatu dute gau tximeletak gertutik ezagutzeko.
Sarriako parkean gaueko jarduera antolatu dute gau tximeletak gertutik ezagutzeko. (Arabako Parke Naturalak)

Udak hainbat proposamen dakar Arabako parke naturaletara, paisajeen edertasunarekin gozatzeaz gain bertan bizi diren espezieak hobeto ezagutzeko.

Sarriako Parketxean, adibidez, gaueko tximeletei dedikatutako jarduera batekin hasiko dute uda uztailaren 8an. Tximeleta horien «aniztasun ikaragarria ezagutzeko» gaueko jarduera prestatu dute, Zerynthia elkarteko adituen eskutik.

«Argi iturri batek lagunduta, intsektu hauek erakarriko ditugu eta honek aukera emango digu gau tximeletak ezagutu eta eskaintzen dizkiguten askotariko tamaina, kolore, patroi eta formez gozatzeko», aurreratu dute 21.30an hasi eta 23.30ak arte luzatuko den hitzordu horretaz.

Ez da tximeletak protagonista izango dituen proposamen bakarra, hilaren 22an ‘Tximeleta goiza’ egingo baitute Korresen. Bi orduko ibilbidea egingo dute intsektu horiek identifikatu eta ezagutu ahal izateko.

Bike birding, hegaztiak ezagutzeko

Hilaren 8an eta 22an, bestalde, bizikleta elektrikoan egindako bisita gidatua prestatu dute Izkiko Parkean, «ornitologia oparotasuna ezagutzeko». ‘Bike birding’ izeneko jarduera hori hamalau urtetik aurrerako lagunentzako izango da, goizean zehar egingo dute, eta 9 euro balio du.

Hitzorduetan parte hartzeko, izena eman behar da aurretik, Arabako Parke Naturalak zerbitzuak bakoitzarentzat zehaztutako eran.