GAUR8

Kofradien garrantzia zabaltzeko liburua argitaratuko dute Iurretan

Iurretako kofradiek egiten duten kudeaketaren garrantzia eta tokiko erakunde horien historia jorratuko ditu irailean argitaratuko den liburuak. Herriko kofradien eta Gerediaga Elkartearen ekimena da, dibulgazio lana egin eta herriko berezko egitura diren kofradiak jendarteratzeko.

Kofradiei buruzko agiri historikoez gain, testigantzak bildu dituzte herrian.
Kofradiei buruzko agiri historikoez gain, testigantzak bildu dituzte herrian. (Gerediaga Elkartea)

Iurretako kofradien batzordearen eta Gerediaga elkarteren ekimenez, herriko kofradien historia zabaldu eta tokiko erakunde horien lanaren garrantzia azalduko duen liburu bat argitaratuko da irailean.

Kofradien historiaren inguruko ikerketak eta eragile ezberdinen lekukotzak daude argitalpenaren oinarrian. Ekimenak bi helburu ditu: «dibulgazioa» eta, batez ere, «kofradiak jendarteratzea», adierazi dutenez.

Proiektuaren sustatzaileek gogoratu dute 1973. urtean Iurretako kofradien «aro berri bat» hasi zela herri basoen kudeaketa berreskuratu zutenean, haien jabetza eta kudeaketaren inguruan Durangoko Udalarekin izandako gatazkaren ostean.

Desanexioaren aldeko borroka prozesu horretan, basoen ustiapenaren inguruan egindako proiektuak, kofradiek bultzatutako herri dinamikak eta emakumeen partaidetzarako emandako urratsak izango dira liburuak jorratuko dituen gaietako batzuk, aurreratutakoaren arabera.

Lekukoen testigantzak

Documentazio historikoa aztertzeaz gain, lanak azken 50 urteetako lekukoen testigantzak jasoko dituela zehaztu dute. Markel Onandia Txabarrik idatziko du liburua, Jon Irazabal Agirre arduratuko da dokumentazioaz eta artxibo histiorikoaz, eta Eñaut Aiartzaguena Bravok sortu du diseinua.

Aureratu dutenez, irailean liburuaren aurkezpenarekin batera webgune propioa sortuko dute Iurretako kofradiek, eta bertan eskuragarri egongo dira argitalpenerako erabilitako dokumentazioa eta lekukotzen grabazioak.