GAUR8

Auzoetako memoriaren ibilbidea sortu dute Karrantzan

Karrantzan memoria historikoaren ibilbidea sortu dute informazio panelen eta seinalizatutako hainbat punturen bidez. Ekimen herritarra izan da haraneko familietan hainbat testigantza bildu ondoren.

Karrantzako paisaiak, artxiboko irudian.
Karrantzako paisaiak, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Herritarren ekimenez memoria historikoa berreskuratzeko proiektua jarri du abian Karrantzako Udalak, udalerriko auzo ezberdinen iragana kontuan hartuz.

Informazio panelak izan dira egitasmoaren lehen urratsa, eta haraneko hiru puntutan ikus daitezke: Kontxan, Ambasaguasen eta Pozalaguaren inguruan. Horiez gain, hamabost plaka jarri dituzte bertan izan ziren gertakariengatik ezagunak diren lekuetan. Horietan dauden QR kodeen bidez udal webgunean dagoen informazioa eskura daiteke.

Ikerketa historikoa eta testuak Jon Ortiz Dominguez eta Rafa Arriolaren lanaren emaitza dira. Horiek osatzeko, batez ere testigantzei dagokienez, udalerriko pertsona askoren laguntza izan dutela nabarmendu du Udalak ohar batean.

Errepublikako eskolak, aire-erasoak...

Bigarren Errepublikak sortutako eskolek izan zuten funtsezkoa papera, haranak izan zituen hamabost aire-erasoak, odol-ospitalea egungo bainuetexean, mendietako lubakiak edo Pandoko 22 mutilen istorioa dira landu diren gaietako batzuk.

Udalak argitu du proiektua bi bizilagunen ekimenez jaio zela, 1931 eta 1946 urteen arteko inrformazio zehatza bilduta zutenak. Informazio hori udal atarira eraman da. Pasa den maiatzean, gainera, hitzaldi bat eman zuen herrian Fernando Obregon Goyarrola historiagile eta idazleak eta errepresaliatuen familien testigantzak ere jaso ziren bertan.

Udal gobernuak nabarmendu du oso harrera ona izan zuela hitzorduak herritarren artean. Azken proiektu hau memoria historikoa berreskuratzeko beste urrats bat dela azpimarratu du Udalak, biktimen oroitzapena gorde eta «nondik gatozen, nor garen eta herriak nola eboluzionatu duen» gogoratzeko.