GAUR8

EHUko Nautika Itsasgunearen lanak hasi dira Portugaleten

Nautika Itsasgunea hartuko duen eraikinaren lanak hasi dira Portugaleten. Itsas zientzia eta teknologien garapenean arituko da EHUren zentro berria, energia berriztagarriekin oso lotuta.

EHUko Nautika Itsasgunearen eraikinaren diseinua, irudian.
EHUko Nautika Itsasgunearen eraikinaren diseinua, irudian. (EHU)

Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Nautika Itsasgunea hartuko duen eraikinaren lanak hasi dira Portugaleten. Gune ezberdinak izango dituen espazioa itsas zientziak eta teknologiak garatzeari bideratuta egongo da, eta itsas baliabideak eta itsasoko energia jasangarrien azterketan arituko da nagusiki, aurreratutakoaren arabera.

Ostegunean, hilak 29an, hasi ziren azpiegitura berria eraikitzeko lanak. «Egitasmo handinahia da, bai euskal unibertsitate publikoarentzat bai Ingeniaritza Eskolarentzat. Esku-hartze arkitektoniko batez mintzo gara, bai eta apustu berri batez ere, itsas arloko prestakuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren alde, GJHen eskutik», adierazi du proiektuaren inguruan Eva Ferreira errektoreak.

Erantsi duenez, «gune dinamiko, ireki eta atsegin bat» izan nahi du azpiegitura berriak, «komunitate akademikoarentzat eta herritar guztientzat». Fatxada garden eta ireki bat izango du, «herritarrek itsas pasealekutik eraikinaren barrualdea eta bertan egiten dena ikusteko modua izan dezaten», aurreratu dute diseinuaren inguruan.

Azpiegitura berriak barne hartuko dituen egitasmo berrien artean ‘Innoboat ikasgela’ dago. Ikasgela, tailer eta laborategia izango den espazioa da, eta baliabide berriztagarrien erabileran oinarritutako sistema teknologikoak fabrikatuko dituzte ikasleek.

Izan ere, itsasontzi bat eraikiko du proiektu bakoitzaren taldeak «eta harekin lehiatuko da beste unibertsitate batzuek eraikitako ontziekin norgehiagoka», zehaztu dutenez. ‘Innoboat ikasgelaren’ zati bat kaletik ikusi ahal izango da.

Hidrotermia sistema

Hidrotermiaren bidez energia berriztagarria eta jasangarria sortzera bideratutako sistema bat ezarriko da Nautika Itsasgunean. Hidrotermia gela bat izango du, eta Bilboko Itsasadarreko ura erabiliko du. Geotermiaren parekoa den energia efizientzia ematen duen teknologia berria garatuko dute bertatik, eta sortutako energia termikoa eraikinaren zati handi bat klimatizatzeko erabiliko da.

Itsasora heltzen diren material plastikoen degradazioa ikertzeko laborategia ere izango du zentro berriak, eta ikerkuntzaz gain dibulgazioan eta kontzientziazioan sakontzeko asmoa dago.

Ardatz Horizontaleko Aerosorgailu Eolikoa’ izango da azpiegitura berriaren beste atal bat. Esan dutenez, «eraikinarentzat energia jasangarria sortzeaz gain, sistema horiek erabilera didaktiko bat ere izango dute, ikasleei begira» eta «sistema berri horiek sortuko ditu energia eoliko berriztagarriak ikertzen dituen UPV/EHUko start-up enpresa batek».

Proiektuaren helburuen artean, gainera, ikerketa eta transferentziarako gune bat sortzea dago, «itsas zientzietan eta teknologietan eta itsasoko energia jasangarrietan ardaztuta».