GAUR8

Udan zehar ikusgai izango da ‘Bilboko erraldoiak’ erakusketa klasikoa

‘Bilboko erraldoiak’ erakusketa klasikoa irailaren 10era arte egongo da ikusgai Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. Horrekin batera, ‘Erraldoien dantza’ ikuskizuna eskainiko du doan Ondalan konpartsak, eta uztailean zehar, sei urtetik gorako haurrentzako tailerra egongo da.

Bilboko erraldoiak, Euskal Museoan, artxiboko irudian.
Bilboko erraldoiak, Euskal Museoan, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘Bilboko erraldoiak’ erakusketa klasikoa bigarren urtez jarraian izango da ikusgai Bizkaiko hiriburuko Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. Euskal kulturaren ezaugarri diren 1980ko eta 1988ko belaunaldietako pertsonaiak ezagutu nahi dituztenek aukera izango dute asteartetik, uztailaren 4tik, irailaren 10era bitarte.

Erakusketa asteartetik igandera egongo da ikusgai, 10.00etatik 14.00etara. Uztailaren 25ean itxita egongo da, jaieguna delako.

Pertsonaia historiko eta ospetsu horien erakusketaren bidez, «euskal folklorearen zati garrantzitsu bat hurbiltzen eta partekatzen da urtero», adierazi dute udal iturriek, azken urteetan Bilboko uda garaiko jarduerarik jendetsuenetako bat bihurtu dela nabarmenduz.

Badira 40 urte baino gehiago erraldoiak hirian daudela, eta aurten, erakusketan 1980ko belaunaldiko hamar erraldoi eta 1988ko belaunaldiko sei erraldoi daude.

1980ko belaunaldikoak Don Terencio, Zumalakarregi eta beste lau bikote dira, eta 1988ko belaunaldikoen artean Olagizona eta Zigarrogina, Marinela eta Zamaketaria, eta Ingelesa eta Bilbotarra daude.

Erakusketarako sarrerek Artelan Berreginen Museorako sarreren kostu bera dute eta bertan edo aztarnategian erosi ahal izango dira. Sarrerarekin museora ere sartu ahal izango da, eta alderantziz. Prezio orokorra 3 euro da, eta taldeentzat 1,5 euro; pentsiodunek, dibertsitate funtzionala dutenek, 12 urtetik beherakoek eta irakasleek dohainik dute sarrera.

‘Erraldoi bat zure hozkailuan’, haurrentzako

Erakusketarekin batera, Ondalan konpartsak ‘Erraldoien dantza’ doako jarduera eskainiko du uztailaren 14an eta 28an, 11.30ean. Elkargunea aztarnategia izango da, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Halaber, ‘Erraldoi bat zure hozkailuan' tailerra egingo da uztailaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 12.00etan. Jarduera horretan, museoko hezkuntza taldeak erakusketa bisitatuko du, Bilboko erraldoien xehetasunak eta historia ezagutarazteko.

Gehienez ere 12 pertsonako taldeak antolatuko dira, eta izen-emateak Berreginen Museoaren orrian egin beharko dira, euro baten truke. Jarduera 6 urtetik gorakoentzat da.