Nerea Goti

‘Gertuko planak’ sailaren hurrengo geltokia: Urdaibai Bird Center eta altxor bat diren padura horiek

Gertuko plan bat proposatzen du GAUR8k Urdaibaiko paraje ederretara, hegaztien migrazioaren ikerketa gertutik ezagutzeko. Urdaibai Bird Centerrera joan gara eta Aranzadi Zientzia Elkarteko adituekin hitz egin dugu.

‘Gertuko planak’ sailak Urdaibaiko Biosferaren Erreserban du hurrengo geltokia. Urtero milaka bisitari duen eta ‘hegaztien aireportu’ gisa deskribatzen den zentro horretara hurbilduko gara larunbatean, bidaiariak hoberen ezagutzen dituztenen eskutik. Urdaibai Bird Centerren egon gara, eta lan politenetako bat deskubritu dugu Aranzadi Zientzia Elkarteko adituekin.

Jon Garatxenaren laguntzarekin, milaka hegaztien migrazio prozesua jarraituko dugu hezeguneen ikustoki horretatik. Teleskopioetatik paduretako protagonista batzuen bizitzetara hurbilduko gara, eta zentrotik egiten duten behaketa horrek duen garrantzia azalduko digu hezitzaileak.

Dioenez, ezinbestekoa da lan horrek hegaztien jokaeren eta habitaten hainbat informazio ematen baitu. Datu zientifiko horiek, gainera, nazioarte mailan partekatzen dira sare baten bitartez. Lan hori erakutsi digu pantailaren aurrean, eta hegaztiei eraztuna jartzeak duen funtzioaz hitz egin digu, zentroak egiten duen dibulgazio lanaz edota hezeguneek eskala zabalago batean duten garrantziaz.

Eta Landa eta Roy, aspaldiko partez Urdaibain umatu zuten arrano arrantzaleen istorioaren azken kapitulua kontatu digu. Landaren berri badute, baina Royren historia beste kontu bat da.