GAUR8
Gaur X urte

Hamar urte dira Iruñeko txupinazoan ikurrin erraldoia zabaldu zutenetik

2013ko Iruñeko Sanferminetako txupinazoa ez zen eguerdiko hamabietan lehertu, hogei minutu beranduago baizik. Izan ere, ikurrin erraldoi bat zintzilikatu zuten ‘arrantzaleek’ Udaletxe Plazako teilatuetatik. Ekintzaileak epaitegira eraman zituzten, eta bost lagunetik lau kondenatu zituzten.

2013ko Sanferminetan inoiz baino presenteago egon zen ikurrina.
2013ko Sanferminetan inoiz baino presenteago egon zen ikurrina. (Josu SANTESTEBAN | FOKU)

Duela hamarkada bateko Iruñeko Sanferminen hasiera guztion oroimenean gelditu zen. Historian lehenbizikoz atzeratu zen, hogei minutuz. Arrazoia? ‘Arrantzale’ gisa ezagutu genituen herritar batzuek ikurrin erraldoi bat eskegi zuten plazako teilatuetatik, justu udaletxearen fatxadaren aitzinean. UPNren Udal Gobernuak euskaldunon bandera kendu bitartean txupinazoa gibeleratzea erabaki zuen, milaka lagun besta goseren begiradapean.

Eduardo Vall PSNko zinegotziak piztu zuen suziria, Ana Irene Rodeles ONCEko kideak lagunduta, 75. urteurrena ospatu baitzuen ikusmen urritasuna duten pertsonen elkarteak. Enrique Maya alkatea haserre mintzatu zen, eta Ignacio Polo Hiritarren Segurtasunerako zinegotziak «begirune falta» egotzi zien ekintzaileei. Carmen Alba Nafarroako Gobernuko ordezkariak atxilotu egin zituztela jakinarazi eta Udaltzaingoa zoriondu zuen bere jokabideagatik.

«UPN kanpora»

Plazan bildutako aunitzek, ordea, bertzelako erantzun bat eman zuten, «UPN kanpora» garrasika. Ikurrin erraldoia zabaltzeko ekintza UPNk gobernatutako Udalak hamarkada oso batez Euskal Herriko ikurra jazarri ondoren egin zen. 2013an ere saiatu ziren txupinazoan egon ez zedin, baina ez zuten lortu... eta inoiz baino presenteago egon zen.

Bost lagun eraman zituzten epailearen aitzinera, 2014ko urrian, eta guztiek onartu zuten ekintzan parte hartu zutela. Segurtasun neurri zorrotzak betez egin zutela azaldu zuten, eta ikurrinak balkoian egon behar zuela aldarrikatu, «herritarren borondatez». Lau ‘arrantzaleak’ bost hilabeteko kartzelara kondenatu zituzten, eta ekintza grabatu zuen bosgarrena libre utzi zuten.