GAUR8
Gaur X urte

Gaur 38 urte Sarrionandiak eta Pikabeak Martuteneko kartzelatik ihes egin zutela

Sarrionandia eta Pikabea euskal presoek 1985eko uztailaren 7an ihes egin zuten Donostiako Martuteneko kartzelatik. Pikabea bi urtera atxilotu zuten, eta Sarrionandia ez zuten aurkitzerik lortu. 2016an jakin zen Kuban bizi izan dela urte luzez, berriki Euskal Herrira itzuli den arte.

EGIN egunkariaren azala Sarrionandiaren eta Pikabearen ihesaldiaren biharamunean.
EGIN egunkariaren azala Sarrionandiaren eta Pikabearen ihesaldiaren biharamunean. (EGIN)

Gaur 38 urte Joseba Sarrionandia ‘Sarri’ eta Iñaki Pikabea ‘Piti’ euskal presoek Donostiako Martutene kartzelatik ihes egin zuten, 1985eko uztailaren 7an, hain zuzen ere. Egun hartan, euskal gatazkaren urte gordinenean, ez zen albiste irakurriena izan Iruñeako San Ferminen ospakizuna, ezta Frantziako Tourra ere. Horien ordez, Martuteneko kartzelako ihesaldiak hartu zituen egunkarietako lerroburuak.

Martuteneko kartzelan Imanol Larzabal abeslariak kontzertua eman zuen, kartzelako zuzendaritzaren onespenarekin. Kontzertua, ordea, aitzakia bat besterik ez zen Sarrik eta eta Pitik kartzelatik ihes egin zezaten. Festa giroan zeudela, kontzertu amaieran, bafleetan ezkutatu ziren, eta bertatik ihes egin zuten.

Egia auzoko pisu batera joan ziren, eta bertan hiru hilabete egin zituzten atera gabe, Iparraldera ihes egitea lortu zuten arte. Pisuko jabearekin batera, kotxe bat hartu, eta Hondarribiara joan ziren, alde zaharreko behealdera. Sarri kotxetik irten zen mugalariak aurkitzeko, eta haiekin topo egitean, Pitirekin batera muga zeharkatu zuen.

Piti bi urtera atxilotu zuten; Sarri, ordea, ez zuten aurkitu, eta kanpoan bizi izan da geroztik. 2016. urtean jakin zen Kuban zegoela, eta eskolak ematen zituela Habanako Unibertsitatean. Ondoren, 2021eko apirilaren 23an Euskal Herrira itzuli zen aurrenekoz, Martutenetik ihes egin ondotik.

Larzabal abeslaria ihesaldiaren ondotik atxilotu zuten, baina zenbait egunen buruan kargurik gabe aske utzi zuten. Larzabalek esanda, Mikel Antza jarri zen harremanetan harekin, ihesaldia antolatzeko.

Aski ezaguna den Kortaturen ‘Sarri, Sarri’ abestia 85eko ihesaldi hartan dago oinarrituta.