GAUR8

Hamabi ondasun historiko-artistiko zaharberritzeko laguntzak onartu ditu Arabako Foru Aldundiak

Gaunako erretaula bat eta Oroko Santutegiko zurezko eskultura bat dira, besteak beste, Arabako Foru Aldundiak diruz lagunduko dituen kontserbazio lanak. Guztira, ia 79.000 euro inbertituko ditu, hamabi esku hartze horien %80 finantzatuz. Azken hauekin 37 elementuren kontserbazioan lagundu du, zehaztu duenez.

Berganzoko Larreko Andra Maria baselizako hiru mihize, irudian.
Berganzoko Larreko Andra Maria baselizako hiru mihize, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak hainbat toki erakundetako ondasun historiko-artistikoak kontserbatzeko eta zaharberritzeko hamabi esku hartze proiektu lagunduko dituela plazaratu du.

Dirulaguntza jasoko duten proiektuen artean San Vitor Gaunako erretaula bat dago, Oroko santutegiko, Navaridasko, Berganzako eta Legutioko zurezko eskulturak, Bergantzako ehun gaineko pinturak eta Dalloko gurutzadura bat daude.

Era berean, Izarrako iturri bat eta Milaogutxiko horma pinturen lehen azterketak eta katak daude finantziazioa jasoko duten proiektu multzo berrian.

Zortzi toki erakundetan

Arabako zortzi toki erakunde dira hamabi egitasmoak bultzatzen dituztenak, iaz baino lau gehiago. Guztira, 98.579 euroko inbertsioa suposatzen dute lan guztiek, eta Diputazioak 78.863 eurorekin lagunduko du, %80ko ekarpena eginez.

Foru Aldundiko iturriek nabarmendu dute iaz 20.000 eurotan handitu zuela ondasun historiko-artistikoen zaharberritze proiektuak finantzatzeko partida.

Azken hiru urteetan, 25 ondare elementutan egindako esku hartzeak lagundu ditu, eta «orain, 37 izango dira lau ekitalditan», zehaztu du Ana del Val diputatuak gidatzen duen sailak.